Iñurritza Jai Batzordea, desagertzear

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 21a, 20:00

Herritarrei eta auzotarrei zuzendutako ohar bidez, kideek azaldu dute iritsi dela erreleboa emateko ordua eta hauek izango direla beraiek antolatuko dituzten azken jaiak. Hala, jai batzordean lan egiteko jendea behar dela azpimarratu dute; bestela, datorren urtean ez da San Pelaio jairik izango Iñurritzan.

Sanpelaioak gerturatzen ari dira, eta Iñurritza Jai Batzordea martxan da jada, bi urteko etenaren ondoren aurten jaiak antolatzeko.

Herritarrei eta auzotarrei zuzendutako ohar bidez, ordea, kideek azaldu dute iritsi dela erreleboa emateko ordua eta hauek izango direla beraiek antolatuko dituzten azken jaiak. Hala, jai batzordean lan egiteko jendea behar dela azpimarratu dute; bestela, datorren urtean ez da San Pelaio jairik izango Iñurritzan: "Urte askoan lanean aritu ondoren, errelebo beharrean gaude taldekideok eta testigua hartuko duen inor azaldu ezean, auzoan antolatzen ditugun ekintzez azkenengo urtez gozatu ahalko dugu herritarrok. Pena handia ematen digu horrelako erabaki bat hartzeak, baina hainbeste urteren ostean albo batera egiteko unea iritsi zaigula uste dugu taldekideok", azaldu dute.

Norbaitek jai batzordean lan egiteko interesa badu beraiekin harremanetan jartzeko eskatu dute, bai zuzenean taldekideren batekin hitz eginda, nahiz Iñurritza Jai Batzordearen Fabebook, Instagram edota emailera idatzita.

Horrez gain, aurtengo festetan laguntzeko boluntarioak ere gustura hartuko lituzketela adierazi dute. "Gero eta zailtasun handiagoak ditugu festa egunetako txosna turnoak osatu eta beste zenbait ekintza aurrera eramateko. Hori dela eta, festa egunetan esku bat botatzeko prest egongo litzakeen edonori deialdia luzatzen diogu. Anima zaitez parte hartzera!". Kasu horretan ere antolatzaileekin harremanetan jartzeko eskatu dute.