"Kontraesankorra iruditu arren, altuerak segurtasuna ematen du"

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 22a, 13:37

Jon Arruti Tuti-k (Zarautz, 1981) Bizkaiko Parapente Txapelketa jokatu du pasa den asteburuan Orozkon (Bizkaia), eta "ezustean", bere kategorian irabaztea lortu du.

Ostiraletik igandera jokatu zen Orozkon Bizkaiko Parapente Txapelketa, eta 53 parte hartzaileen artean zen Jon Arruti Tuti (Zarautz, 1981) zarauztarra. Gozatzera joan zen txapelketara, baina ondo pasatzeaz gain, bere kategorian – C, sport– irabazita, pozarren da. Ez zuen espero.

Askok beharbada gehiago ezagutuko dute Drindots musika taldeko baxua izan delako edo La Sallen irakaslea delako, baina parapentea aspaldiko afizioa du, 2006tik baitabil zeruak zeharkatzen.

Probatzea eta maitemintzea izan zen zurea parapentearekin, ezta?

Hala da, bai. 2006an udaleku batzuetan probatu nuen, bikoa, eta gustatu egin zitzaidanez, ikastaroa egitea erabaki nuen. Hortik aurrea, eskiatzeak edo surfak engantxatzen edo asebetetzen dituen bezala eskiatzaileak eta surflariak, ni hegan egiteak engantxatu ninduen.

Zer ematen dizu?

Batetik, dauka osagai bat, eta da beti inguru natural eta ikuspegi haluzinagarrietan zabiltzala, eta badauka osagai txiki bat ariketa fisikoarena ere. Horrez gain, naturako baldintzen menpe zaude kirol honetan ere: haizea egon daiteke indartsuago edo suabeago, termikak ere berdin... Eta horrek guztiak engantxatu ninduen: hankak lurretik altxatzen dituzun momentuan, esaten duzu, uau! Etxera itzultzen zara burua erabat garbi.

Txapelketetan aspalditik zabiltza?

Ez. Urte askoan hemen inguruan –Zarautz, Orio, Donostia...– egin izan dut hegan, eta gero, umeak izan genituen, eta urte batzuz pixka bat alboratuta eduki dut. Berriro heldu nionean, ordea, erronka bezala pentsatu nuen kostaldetik pixka bat urrunduta probatzea, txapelketetara aurkeztuta. Izan ere, kostaldean brisak beti antzeko baldintzak ematen ditu hegan egiteko, oso erregularra da. Barrualderago, Nafarroan, Errioxan, hegan egiteko aukera eman didate txapelketek, eta horregatik animatu nintzen.

Nolakoak dira parapenteko txapelketak?

Hainbat modalitate daude. Nik parte hartzen dudanetan eskatzen dute ibilbide bat osatzea. Lasterketa ordu zehatz batean hasten da, eta helmugara iritsi behar da hainbat puntu zeharkatu ondoren. Horrek bultzatzen zaitu hegan egitea bestela joango ez zinatekeen toki batzuetan, eta eskatzen dizkizu bestela egingo ez zenituzkeen lan eta maniobrak egitea. Zeure buruari gogor egitea dakar, baita estrategiak prestatzera ere. Eta zeharo engantxatu nau horrek. Gero eta hobeto egiten duzu hegan, gero eta truko gehiago ikasten dituzu, eta hori ikaragarrizko tokietan.

Altuerak ere ez dira berak izango kostaldean eta barrualdean...

Ez. Kostan, itsasoko brisak mendiaren kontra jotzen du, Kukuarri edo Talaimendiren kontra, eta horrek mantentzen gaitu airean. Eta horrek eman dezake altuera bat, baina mugatua da. Barrualderago, eguzkiaren beroak termikak sortzen ditu. Termikak hodei bero antzekoak dira, eta putreek, esaterako, termikak erabiltzen dituzte airean hegan bueltaka ibiltzeko. Teknika hori erabiltzen da: termika barruan sartu, eta bueltaka hasi altuera hartzeko. Altuera gehiago har daiteke horrela. Orozkoko txapelketan, esaterako, irteera 600 metrora zegoen, eta egun batean iritsi ginen 1.800 metroko altuerara.

Garaierari beldurra baldin badiozu, gaizki...

Oso kirol psikologikoa da: zure beldurrekin kristoren lanketa egin behar duzu. Seguru sentitu behar duzu.

Zeren, panikoa sartzen bazaizu... Gertatuko da, ala?

Bai, bai. Asteburuan gertatu zen. Partaide bat beldurtu egin zen aurreneko bi egunetan, eta lur hartzea erabaki zuen. Hirugarrenean askoz hobeto ibili zen. Dena dela, eta kontraesankorra iruditu arren, altuerak segurtasuna ematen du.

Bai?

Bai. Arazoren bat baldin baduzu, zenbat eta altuago egon, hobeto. Lurretik zenbat eta gertuago egon, okerrago. Zartakoa hartzeko eta min handia hartzeko aukera gehiago. Altuera handian baldin bazaude, eta ez baduzu arazoa konpontzea lortzen, beti daukagu larrialdiko paraxuta. Eta nik, aurtengo neguan, bigarren bat jarri dut; eta horrek, adibidez, niri lasaitasun handia eman dit. Kuriosoa da, baina... Horregatik diot oso kirol psikologikoa dela.

Kirol estrategikoa dela ere aipatu duzu.

Lasterketa txapelketei dagokienez, bai. Txapelketa hasi aurretik bilera egiten da, eta antolatzaileek ibilbide bat proposatzen dute, baita eguraldiaren berri eman ere. Ibilbidean balizak egoten dira, eta guk datu guztiak gure aplikazio berezian sartuta –sensore bariometrikoa dute–, borobil batzuk agertzen zaizkigu. Lasterketa 14:00etan hasten bada, 13:30 aldera altuera hartzen hasten zara. Aparatauek abisatzen digute termikak non dauden, eta sartzen zarenean, igotzen ari bazara ere soinua aldatuz joaten da. Esaten dizu zein den zure ibilbidea, zu non zauden, eta zenbat gradu egin behar duzun ezkerretara edo eskuinetara, borobilaren halako lekutara iritsi nahi baduzu.

Orozkoko txapelketan onena izan zara zure kategorian.

Haluzinantea izan da. Hiru egunetan 10 ordu egin ditut hegan, hiru bailara desberdinetan. Orozkon bertan altuera ikaragarria hartu genuen, Menako bailararaino iritsi ginen.... Hainbat kategoria daude parapentean: A, B, C (nirea), D eta gero, CCC –A Formula deituko geniokeena–. A kategoriakoa da seguruena, hegalak ez tolesteko eta ezer ez gertatzeko diseinatuta dagoelako, baina oso gutxi planeatzen du. Nik bizitza osoan B kategoriako bela eduki dut. Iazko otsailean iritsi zitzaidan C hegala; askoz gehiago planeatzen du B kategoriakoak baino, eta Bkoarekin egiten nuena baino gauza gehiago egiten hasi nintzen, txapelketetan helmuga gehiagotara iristen, etab.

Eta emaitzak iritsi dira...

Nire erronka baldin bazen ibilbide bat hasi eta bukatu egiteko gai izatea, ostras, orain iritsi egiten naiz. B kategoriako belarekin erabaki txar bat hartzen banuen, lur hartu behar nuen. Orain, bigarren aukera ematen dit, eta azkartxeago ere ibiltzen da. Orozkon, ikusten nuen D eta CCC kategoriakoei jarraitzeko gai nintzela, atzetik izan arren. Eta erabaki nezakeen altuera gutxiagoan eta azkarrago joatea beraiekin batera, baina nahiago izan nuen segurtasuna lehenetsi eta lasaiago egin hegan. Gainera, aurreneko egunean, azkar ibiltzen diren horiek ez zuten helmugara iristerik izan, baldintzak eskasak izan zirelako eta gutxiegi planeatu zutelako. Hamabost bat bakarrik iritsi ginen.

Segurtasuna lehenesten duzula esan duzu.

Bai. Txapelketa horretako azken egunean, esaterako, helmugarako lau kilometroren faltan erabaki nuen lur hartzea. Planeatzen irits nintekeen, eta saiatu nintzen altuera hartzen, baina mendixka batzuk pasatu behar nituen, eta gainera trenbidea, kable mordoa... nahiago izan nuen ez arriskatu. Nik beti lehenesten dut segurtasuna; gero da gozatzea, eta azkenik, dena ondo badoa, saiatuko naiz ahalik lan onena egiten.

Hala ere, garaipena zeuretzat.

Bai. Aurreneko bi egunetan helmugara iristea lortuta, puntuazio aldetik alde handia neukan besteekiko. Open kategorian, berriz, hamalaugarrena izan naiz. Aste Santua izanik, Espainiatik eta Kataluniatik hainbat parte hartzaile etorri dela eta maila altua zegoen, eta gustura, beraz.