Irudietan: Gaztetxoek gozatu egin dute II. Play-Eruak txapelketaren lehen jardunaldian

Iñigo Gaiton 2022ko api. 23a, 18:30

13tik 16 urtera bitarteko 380 neska-mutil bildu ditu gaztetxoen plaieroetako txapelketaren lehen jardunaldiak gaur arratsaldean. Bihar, 16:00etatik aurrera ekingo diote lehiaketaren finalen faseari.

II. Play-Eruak futbol txapelketaren lehen jardunaldia jokatu da gaur arratsaldean Zarauzko hondartzan. Lehiaketak 380 gaztetxo bildu ditu, eta guztiek gozatu ederra hartu duten futbolean jokatzen. Eguraldi petralarekin jardun dute, lau mailatan banatuta (DBH1, DBH2, DBH3 eta DBH4).

Gaur ligaxkako partidak jokatu dituzte, maila bereko talde guztiek-guztien kontra. Hala, onenek biharko txartela lortu dute, eta horiek finalen faseko partidak jokatuko dituzte 16:00etatik aurrera. Finalak, aldiz, maiatzaren 14ean izango dira, helduen eta eskolarteko plaieroen finalekin batera.