Bi urte geroago, maskararik gabe itzuli dira ikasleak eskoletara

Aritz Mutiozabal 2022ko api. 25a, 15:00
Orokieta Herri Eskolako ikasleak patioan, maskararik gabeko lehen egunean. (Orokieta Herri Eskola)

Aste Santuko oporren ostean, hezkuntza zentroak izan dira normaltasun berrira egokitzen azkenak. Ilusioz, baina sentsazio arraroarekin bueltatu dira.

Espainiako Ministroen Kontseiluak  bihar astebete onartutako aldaketak hurrengo egunean jarri ziren indarrean. Harrezkero, barrualde gehienetan ez da derrigorrezkoa maskara janztea, osasun zentroetan, botiketan, adinekoen egoitzetan eta garraio publikoetan izan ezik. Era berean, Osasun Ministerioak maskara erabiltzea gomendatzen du lantokietan, langileen artean 1,5 metroko segurtasun tarterik ez badago eta aireztapen egokirik bermatzerik ez badago. Eta normaltasun berrira egokitzen azkenak, ikasleak eta irakasleak izan dira. Gaur itzuli baitira Aste Santu eta Pazkoa Asteko opor luzeetatik.

Zarauzko Orokieta Herri Eskolan, esaterako, ilusio handiz ekin diote bi urte ondoren maskara gabeko lehen egunari. «Ikasleak egun berezi bat bezala sartu dira eskolara, alaitasun handiarekin. Gainera, orain hori ikusi dezakegun gauza bat da, maskararekin gabe daudelako», nabarmendu du Orokietako zuzendaritzako kide Saioa Landak. Jakitera eman duenez, oso haur gutxi izan dira zentrora maskararekin joandakoak: «Hiru haur kontatu ditugu, beraz, gurasoak ere normaltasun bide horren bila datozela antzematen da». Ondorioz, haurren begiradak eta irribarreak «ikusteko eta sentitzeko beste aukera» izan dutela zehaztu du Landak.

Maskararik gabe eskolara sartzea arraroa egin omen zaie zenbait ikasleri, eta ez dutela zertan jantzi esan dietela adierazi du zuzendaritzako kideak, nahiz eta batzuek galdetzen zuten. «Nik uste dut azken hiruhileko honi amaiera emateko aukera ezin hobea izan dela erabaki hau».

Ikasleentzat ez ezik, baita irakasleentzat ere. «Lan egiteko modua oso ezberdina da maskararekin edo maskararik gabe. Begiek, ahoak eta espresioek adierazten duten guztia haurrengan ezinbestekoa da. Gainera, entzuteko arazoak genituen lehen», azaldu du Landak. Atzean geratu diren bi urteak luze joan direla onartu du, nahiz eta azken txanpan lasaiago ibili diren. «Egoera hobeto zegoela ikusita, ikasleek maskara beherago eduki dutenean gure zorroztasun maila ere malguagoa izan da. Aste Santutik itzultzerakoan berriro normaltasuna bueltatuko zela ikusirik, pixka bat joan gara trantsizio fase horretan». Festa egiteko moduko egun bat dela azpimarratu du.

Edonola ere, maskararekin eskolara etortzen jarraitzen dutenekiko errespetua adierazi du. Izan ere, «egoera honek nahi duenak janzteko eta nahi duenak ez janzteko aukera ematen du. Baina gizartearen isla gara, eta LH guztian hiru ikaslek bakarrik ekartzea maskara nahiko esanguratsua da».
Gurasoek ere eskolara sartzeko aukera izango dute orain, eta ikasleen sarrera-irteerak pandemia aurreko egoerara moldatuko dituzte, «patioari beste bizitza bat» eman nahian.