Erasmus+ Gazteria taldeari harrera egin dio udalak

Aritz Mutiozabal 2022ko api. 26a, 10:10

Akitania Berriko eta Euskal Herriko hamabost gaztek eta bost teknikarik hartu dute parte egitasmoan. Ostiral arratsaldean izan ziren udaletxean.

Euroeskualdea lantzen ari den mugaz gaindiko mugikortasuna eta elkarbizitza sustatzeko proiektuaren barruan, hogei lagunez osatutako Erasmus+ Gazteria taldea izan da asteburuan herrian. Proiektu honen helburua da 18 eta 30 urte bitarteko gazteen artean Akitania Berriak eta Euskal Herriak osatzen duten Euroeskualdearen inguruan harremanetarako, trukerako eta ezagutzarako ingurune mesedegarri bat sortzea.

Lehenengo hitzordua Agen (Akitania Berria) herrian izan zen otsailean eta bigarrena, Zarautzen egin dute asteburu honetan. Guztira, hamabost gaztek eta bost teknikarik hartu dute parte egitasmoan, eta  joan den ostiral arratsaldean harrera egin zien udaletxean Irune Urbieta Gazteria eta Hezkuntza zinegotziak.

"Senidetzeen markoan egindakoak edo Europar Batasuneko proiektuek babesten dituzten elkartrukeak aukera eta tresna ezin hobea iruditzen zaizkigu ikasteko eta esperientziak trukatu edo jarduera amankomunak egiteko. Hori da gazte hauek egiten ari direna eta hori da bertako gazteen artean zabaldu nahi dugun mezua eta aukera", adierazi du Urbietak. "Gai desberdinen inguruan besteekin lanean aritzea oso aberasgarria da, eta hori beste eskualde edo herrietako gazteekin egitea are gehiago".