Beteranoen XIX. Eguna ospatuko du Pagoeta Mendizale Elkarteak maiatzaren 8an

Onintza Lete Arrieta 2022ko api. 26a, 11:47

Elkarteak Salburuko parkera antolatu du irteera. 9,3 kilometroko ibilbide laua egingo dute, eta ondoren, hango jatetxe batean bazkaldu. Izena aste honetan eman behar da, asteazkenetik ostiralera bitartean.

Pagoeta Mendizale Elkarteak prest du Beteranoen XIX. Eguna, bi urtez pandemiagatik egun hori ospatu gabe pasatu eta gero. Maiatzaren 8an egingo dute irteera Araba aldera, eta izena asteazken, ostegun edo ostiral honetan eman behar da.

Ibilaldia Gasteizen hasiko dute, Salburuko Hezeguneko Interpretazio Zentroan. Oreinak, ahateak, zikoinak, etab. ikusteko aukera izango dute, eta parkeari buelta osoa emango diote. Dena laua dela azpimarratu dute. Lau kilometrora dagoen Elorriaga auzoan egingo dute geldialdia. Parkean mokadu bat egin, eta hango tabernan zerbait hartzeko aukera egongo da. 9,3 kilometroko buelta amaitu ondoren –ezina duenak Elorriagan har dezake autobusa–, El Mirador de Salburua jatetxean bazkalduko dute.

Izen-ematea eta irteera

Maiatzaren 8an, igandea, 08:30an aterako da autobusa Agoueseko biribilgunetik, eta San Pelaion ere egingo du geldialdia. Mendi elkarteko bazkideek 42 euro ordaindu beharko dituzte bidaia eta bazkaria, eta bazkideak ez direnek, berriz, 44 euro (kafea, kopak eta gainerakoak norberak ordaindu beharko ditu).

Izena gaur, asteazken, ostegun edo ostiral honetan eman behar da 18:30etik 20:00etara bitartean. Ohi bezala, Pagoeta Mendizale Elkartearen egoitzan (Santa Marina kalea, 4).

Elkartekoek herritarrak animatu dituzte egunpasa horretan parte hartzera.