Amaia Elizaranek bere 'Arima' erakutsiko du Modelon

Aritz Mutiozabal 2022ko api. 27a, 09:30

Tolosako dantza garaikideko konpainiak Arima lana taularatuko du ostiral honetan, 20:00etatik aurrera, Modelo aretoan.

Otsaila hasieran Donostiako Gazteszena aretoan estreinaldi arrakastatsua egin ostean, bira betean sartuta dago konpainia eta aste honetan herrian aurkeztuko du bere sorkuntza berriena, Hothouse Flowers musika taldeko kide Liam Ó Maonlaí irlandarraren laguntzarekin.

Ikuskizun honetan Amaia Elizaranek sinpletasunaren edertasuna aldarrikatzen du, azaletik funtsezkora doan bidaia baten bidez. Helburu horrekin artistak esperientzia ederra diseinatu du, irudi indartsu eta pasarte kementsuak eszena lasaiagoekin tartekatzen dituena.

Arima bere aurreko sorkuntzekiko aurrerapauso bat da. "Bidaia emozional argi bat egiten dugu piezan, betierekoa edo eternala dena bereziki aztertuz", dio Elizaranek berak.