Dagoeneko lanak aurkeztu daitezke Basarri bertsopaper sarira

Aritz Mutiozabal 2022ko api. 27a, 12:40

Martxan da 38. Basarri bertsopaper saria eta ekainaren 20a bitartean egongo da lanak aurkezteko epea. Aurten, gainera, Zarauzko Kultura Sailak ondorengo ikus-entzunezkoa egin du sariketaren xehetasunen berri emanez.

Lehiaketan parte hartzeko ondorengo baldintza hauek bete beharko dituzte aurkezten diren lanek: bertsopaper bakoitzak gutxienez ere zortzi bertso izan behar ditu; gaia librea izango da; bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztuko da; parte hartzaileek gehienez bi lan bidali ditzakete; eta lanak originalak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dira.

Lanak posta elektronikoz aurkeztu beharko dira, kultura@zarautz.eus helbidera bidalita; horretarako azken epea ekainaren 20a izango da. Garailearen berri uztailaren 1ean jakinaraziko dute, eta honek 1.530 euro garbi jasoko ditu; sari banaketa ekitaldia uztaileko Bertso Astean egingo dute. Basarri bertsopaper sariaren epaimahaia Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Uxue Alkortak osatuko dute. Iaz Ekaitz Goikoetxea beasaindarra izan zen saritua, Mingarri den bitartean bertso sortari esker.

Informazio gehiago nahi duenak edo zalantzaren bat argitu nahi duenak Kultura Sailarekin harremanetan jar daiteke, kultura@zarautz.eus postara idatzita edo 943-00 51 20 telefono zenbakira deituta