Eskualdeko sei saltokik jaso dute Singular Dendak ziurtagiria

Maialen Etxaniz 2022ko api. 29a, 16:15
Singular Denak ziurtagiria jaso duten saltokietako ordezkariak eta erakunde sustatzailetako ordezkariak, atzo, Donostian. (Gipuzkoako Merkataritza Federazioa)

Azkoitiko Aizterri Homek eta Noah arropa dendak, Azpeitiko Txintxu gozotegiak eta Zarauzko Aurora Miralles estudioak, Cazalis zapata dendak eta Veronica Cazalis estetika eta kinesologia zentroak.

Eskualdeko sei saltokik Gipuzkoako Merkataritza Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duten Singular Dendak ziurtagiria jaso dute. Hain zuzen, Azkoitiko Aizterri Homek eta Noah arropa dendak, Azpeitiko Txintxu gozotegiak eta Zarauzko Aurora Miralles estudioak, Cazalis zapata dendak eta Veronica Cazalis estetika eta kinesologia zentroak dira aitortza jaso dutenak. Singular Dendak ziurtagiriak bezeroei eskainitako tratu pertsonalizatuagatik bereizgarriak diren saltokiei egiten die aitortza. 

Atzo egin zuten ziurtagirien banaketa ekitaldia Donostian, eta bertan izan ziren Azkoitiko, Azpeitiko eta Zarauzko saltokietako ordezkariak. Guztira, Gipuzkoako hemezortzi saltokik jaso dute aurten Singular Dendak ziurtagiria: Azpeitiko Txintxu gozotegiak, Azkoitiko Aizterri Homek eta Noah arropa dendak, Zarauzko Aurora Miralles estudioak, Cazalis zapata dendak eta Veronica Cazalis estetika eta kinesologia zentroak, Donostiako Aines, Alboka artisautza, Choc-Arte, Kies, Maman Bebe, MH World, Muguet, Petit Comite, Sombrereria Leclercq eta Usoa dendek eta Eibarko Gigil Design Studiok. 

Dagoeneko 223 saltokik dute Singular Dendak ziurtagiria. Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren arabera, Gipuzkoako kaleak “dinamikoago egin”, eta “originaltasunagatik” nabarmentzen diren saltokiak dira Singular Dendak: “Arreta deitzen duten eta erakartzen duten dendak dira, bezeroa erabaki guztien erdigunean dagoen saltokiak, eta haiekin konplizitatea sortzea dute helburu”.