Iratxe Esnaola: «Googlek umeen datuak lehengaitzat ditu, bere balioa handitzeko»

Berria 2022ko mai. 1a, 09:00

Iratxe Esnaola (Berria)

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako plana burujabetza digitalaren aurkako norabidean doala irizten dio Iratxe Esnaola Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak, eta «eskandalutzat» jo du hezkuntzan multinazionalen alde egitea: «Norabidea aldatu behar da». Berria egunkariak egin dio elkarrizketa.

Iratxe Esnaolak (Zarautz, Gipuzkoa, 1981) argi du digitalizaziorako egin beharreko bidea hezkuntza akordioak zehaztutakoa dela, ez atzo Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako planarena. Esnaola informatika ingeniaria da, eta hezkuntzan doktorea, baita Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria ere. Software librea «sutsuki» defendatu du.

Hezkuntza teknopedagogikorako jauzia iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Zer deritzozu egungo egoerari?

Apirila oso emankorra izan da hezkuntzari eta digitalizazioari dagokienez. Gaur [atzo] aurkeztu da hezkuntza sistemaren eraldaketa digitalerako plana; apirilaren 11n, Googlerekin hitzarmena; eta 7an, historikotzat jo zen hezkuntza akordioa. Oso nabarmena da erkidegoan Hezkuntza Sailak modu aktiboan eta pasiboan Google, Windows eta gisako multinazionalen produktuen eta zerbitzuen alde egiten duela. Eskandalu bat da. Planak hitz egiten du jarraibide metodologikoak diseinatu beharraz eta etapa guztietan teknologia nola txertatu behar den adierazi beharraz, ikasleak konpetenteak izan daitezen, baina ez du jarraibiderik ematen. Oraindik ez daukagu tresna digitalen integrazio pedagogikorako inongo markorik.

Eta zer norabidetatik jotzen du hezkuntza akordioak?

Kontrako norabidean doa. Gaurko [atzoko] planak esaten du ikasleek digitalki konpetenteak izan behar dutela; akordioak ikasleak digitalki ahalduntzeaz hitz egiten du. Konpetentzia baino gehiago da: boteretzea, erabakiak hartzeko gai izatea, kontrola izatea. Esaten du tresna libreak, auditoria egiteko modukoak eta gardenak erabiliz egin behar dela, eta digitalizazioa etikoa, arduratsua... izango dela. Hezkuntza akordioak markatzen du hezkuntza sistema publikoak ardura publikotik hartu beharko lukeen norabidea, burujabetza teknologiko eta digitalerantz. Googlerekin sinatutako ituna eta gaur [atzo] aurkeztu den plana ez doaz norabide horretan.

Zerk du lehentasuna?

Hezkuntza gero eta sartuago dago multinazionalen eskuetan. Norabidea aldatu behar da lehenbailehen. Digitalizazioa ez da erabaki tekniko bat, politikoa baizik. Oso estrategikoa da, dimentsio askotan eragiten baitu: ekonomia eta jakintza teknologiko lokalean, hizkuntzan...

Elkarrizketa osorik irakur daiteke Berria.eus atarian.