EH Bildu: "Arazo nagusiak konponduko ez dituen plana da Udaltzaingoaren Plan Zuzentzailea"

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 1a, 10:30

Onartutakoa "hankamotz" geratzen dela iritzi dio koalizioak, eta bere ustez, udaltzainen hurbiltasuna, euskararen erabilera eta lanpostuen egonkortasuna bermatuko luken plana sustatu beharko litzateke.

Zarauzko Udaltzaingoan "hobetzeko asko" dagoela iritzita, EH Bilduk begi onez ikusi zuen Udaltzaingoaren Plan Zuzentzailea egiteko asmoa. Baina, koalizioaren ustez, "azaleko lan bat" egin da eta "arazo nagusiak konponduko ez dituen plana" aurkeztu dute, eta, horregatik, kontrako botoa eman zioten martxoko udalbatzarrean.

Udaltzainen kontratazioa Arkauteko deialdi bateratuaren bitartez egiten du udalak, eta EH Bilduk dio hainbat arazo ekartzen dizkiola horrek herriari. Horietako bat, euskararen erabilerarena dela zehaztu du: “Esperientziak esaten digu, modu honetan, Zarautz bezalako herri euskaldun batek eskatzen duen hizkuntz profila ez dela ziurtatzen. Zarautz 20.000 biztanletik gorako herri euskaldunena da, eta euskararen erabileran eredu izatea dagokigu”.

Bestetik, deialdi eredu horrekin herriko udaltzainek "izan beharko luketen hurbiltasuna" ez dela bermatzen uste du. Gainera, udaltzainen lanpostuek "egonkortasun falta nabaria" izaten dutela azpimarratu dute, horrek dakartzan "ondorio txar guztiekin".

Plan Zuzentzailea egiteko enpresa bat kontratatu den arren, EH Bilduk dio ez dela "behar bezala aprobetxatu" benetako hobekuntza bat egiteko. "Hankamotz" geratzen dela iritzi dio, eta aukera bat "alferrik galdu" dela, Izan ere, “planak ez du jasotzen arazo nagusien konponketa lantzeko asmorik: ez antolaketa eta zerbitzuaren eraginkortasunari begira, ez komunitatearentzako zerbitzuaren eta hurbiltasun proaktiboaren ereduari begira, ez agenteen euskara maila eta hizkuntza erabilerari begira ezta lan motibazioa lantze aldera ere”. 

"Diagnosia lehendabizi"
Koalizioaren ustez, Plan Zuzentzaile bat egiteko ezinbestekoa da lehendabizi diagnosi sakon bat egitea, eta halako baldintzarik ez dela bete jakitera eman du. Era berean, interes taldeekin egin den lanarekin kritiko agertu da. "Adibidez, udaltzain agenteekin eginiko lana azalekoa izan dela uste du, aurrez aurreko bilerarik ez direlako egin beraiekin eta galdetegi baten bitartez eman dutelako beren iritzia, eman duten gutxiek". Halaber, udaleko departamendu gutxi batzuk bakarrik hartu dutela parte dio EH Bilduk, eta herritarren parte hartzea sustatu beharko litzatekeela uste du.

Bestalde, ez du ulertzen diagnosia egiteko kontsultatutako interes taldeen artean alderdi politikoak ez egoteko. Hain justu ere, koalizioak herriko Udaltzaingoak nolakoa izan beharko lukeen esatea ez baitu bere eskubidea bakarrik bezala ulertzen, "bere betebeharra" bezala baizik.

EH Bilduko taldeak dio irainduta sentitu dela Udal Gobernuaren jarrera itxiarekin: koalizioak bere proposamena aurkeztu zuen udalbatzarrean, eta “gure ekarpenik begiratu ere egin
gabe albo batetan utzi zuten eta hori ez da onargarria”.