Andoni Etxabe zarauztarra garaile GRABNI gomazko paleta txapelketan

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 2a, 12:03

Ganix Urdangarin (ezkerrean) eta Andoni Etxabe (eskuinean), txapelketa irabazi berritan. (Utzitakoa)

Andoni Etxabe zarauztarrak eta Ganix Urdangarin astigartarrak osatutako bikoteak irabazi zuen atzo GRABNI binakako gomazko paleta txapelketa. 

19 urteko pilotari zarauztarrak Donostiako Real Sociedad klubean jokatzen du, eta 2021ean gomazko paleta modalitatean Gipuzkoako txapeldun izan zen. Aurtengoan, Gipuzkoako selekzioa ordezkatu du Urdangarinekin batera GRABNI txapelketan, eta honako probintzietako bikoteak izan dituzte aurkari: Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko selekzioak. 

Gasteizko Mendizorrotza pilotalekuan jokatu zuten atzo finala gipuzkoarrek, nafarren aurka. Hasieran partidak orekatu samarra zirudien, baina gipuzkoarrak erraz nagusitu ziren azkenerako, 25-9ko markagailuarekin.