Gutuna: 'Edukazio pitin bat, sikiera'

Zarauzko hitza 2022ko mai. 2a, 10:16

Kale garbiketa zerbitzuko makina. (Zarauzko Udala)

Izaskun Etxabe Belamendia herritarrak honako gutuna igorri du Zarauzkohitza.eus-era, udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan izandako esperientzia bat azaltzeko.

Sei hilabete luze joan dira dagoeneko, udalari kaleak garbitzeko makinak ordu txikitan ateratzen duen zarataren tamaina neurtzeko eskatuz Herritarren Arreta Zerbitzuan idatzi bat utzi nuenetik. Erantzunik ez. Isiltasun administratiboa omen.

Eta hara non, udalak telefono bidezko arreta zerbitzu berria abiatu duela irakurtzen dudan Zarauzko Hitzan. Albisteak hala dio: "Gureak Marketing enpresa izango da aurrerantzean, zerbitzu desberdinetara iristen diren deiak erantzun eta bideratuko dituena". Udalak daukan Herritarren Arreta Zerbitzuak ematen duen arreta orokorra ona dela dio EAJ alderdiko Iker Basurko Herritarren Arreta Zerbitzuko zinegotziak, baina aurrerapausoak ematen jarraitu behar dutela herritarrei ematen dieten arreta zerbitzua "hobetzen jarraitzeko".

Beraz, ez dago dena galdua. Berriro saiatzeak tentatu nau eta horretara jarriko naiz, batek daki.

P.D. Esan beharra daukat, edo esan nahi dut, Herritarren Arreta Zerbitzuko langileek ezin hobe hartu nautela, eta, erantzun bat jaso nezan beraien esku zeuden hainbat diligentzia abian jarri zituztela.

Izaskun Etxabe Belamendia