Kaleko katuen koloniak kontrolatzen laguntzen dute boluntario zarauztarrek

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 3a, 08:30

CER metodoaren bidez kaleko katuen ugalketa kontrolatzen dute. Horrez gain, animaliak "egoera onean mantentzea, elikadura eta haien ingurunearen higiene baldintzak bermatzea" dute helburu.

Animalien ongizaterako ardura hartu zuen duela urtebete Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezek, eta kale-katuen koloniak kontrolatu ahal izateko CER metodoa jarri da martxan denbora tarte horretan. Katuak harrapatu, esterilizatu eta itzuli egiten dituzte metodo horren bidez, eta ugalketa kontrolatzeaz gain, animaliak "egoera onean mantentzea, elikadura eta haien ingurunearen higiene baldintzak bermatzea" dute helburu.

Udalaren esanetan, Gipuzkoan ez dago zeregin horietan aritzen den enpresarik, eta, beraz, Zarauzko boluntario batzuk aritzen dira udalarekin elkarlanean. Kaiolekin harrapatu eta albaitaritza klinikara eramaten dituzte, bertan esterilizatzeko. Katuek gaixotasunen bat hautematen badute, harrapatu zituzten lekura itzuli aurretik tratamenduan jartzen dituzte.

Vazquezek "bihotz-bihotzez" eskertu nahi izan die boluntarioei egiten duten lana eta eskaintzen duten laguntza. Zinegotziaren hitzetan, herriko hainbat eremutan atzemandako 43 katu esterilizatu ahal izan dituzte modu horretan. Errenteriako Miauka elkarteari ere eskerrak eman dizkio Vazquezek, "udal brigadaren eraikinaren inguruan harrapaketak egiten eta katuak artatzen" laguntzeagatik eta "bertan jantokia ezartzeagatik".

Animaliak bide publikoan elikatzea, galarazita

Amaitzeko, Ingurumen zinegotziak argitu nahi izan du debekatuta dagoela animaliak elikatzea bide publikoan, horretarako udalaren baimenik eduki gabe. "Udalari laguntzen dioten pertsonek bakarrik dute janaria eta ura jarri ahal izateko baimena, katuen eta ingurunearen higiene baldintzak zainduz". Gaineratu du badakitela pertsona gehiagok zaintzen dituztela kaleko katuak, eta "koordinatu eta baliabideak optimizatzeko" zainketa lanetan lagundu nahi dutenei berarekin harremanetan jartzeko eskatu die Vazquezek. Horretarako, gvazquez@zarautz.eus helbide elektronikora idatzi beharko da.