Maiatzaren 16an zabalduko da Imanol Urbieta Musika Eskolako aurrematrikulazio epea

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 4a, 15:33

Imanol Urbieta Musika Eskola. (Zarauzko Udala)

Musika eskola gertutik ezagutu nahi dutenek horretarako aukera izango dute maiatzaren 14ko ate irekien saioan.

Ikasturte berrirako prestaketa lanetan murgilduta dago Imanol Urbieta Musika Eskola. Datorren maiatzaren 14an ate irekien jardunaldia egingo dute musika eskola bertatik bertara ikusi nahi dutenentzat. 10:30etik 12:30era egingo dute bisita, eta mugimendu gelak eta musikoterapia ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek; baita instrumentuak aurrez aurre ikusi eta entzutekoa ere.

Aurrematrikula egiteko epea maiatzaren 16tik ekainaren 1era bitartean egongo da zabalik. Haur nahiz helduentzako hizkuntza musikala ikasteko aukera egongo da besteak beste, baita musikoterapia egin edota musika tresnetan trebatzekoa ere. Honako instrumentu hauek daude aukeran: biolina, biolontxeloa, bonbardinoa, zeharkako flauta, gitarra, klarinetea, panderoa, perkusioa, pianoa, saxofoia, txistua, trikitixa, tronboia, tronpa, tronpeta eta taldea (konbo, klasiko, triki, teklatu, haize eta txistu taldeak).

Udal musika eskolaren web orrian (udalmusikaeskola.wordpress.com) dago ikasle nahiz irakasleen lanari buruzko informazio gehiago. Bertatik egin daiteke izen ematea, edota imanolurbietazme@gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita. Telefono bidez ere eman daiteke izena (943-50 65 89), edota musika eskolara bertaratuta, astelehenetik ostegunera 15:30etik 19:30era eta ostiraletan 11:30etik 14:30era.