Jubenil mailako eskubaloiko estatuko txapelketa hartuko du Aritzbataldek asteburuan

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 5a, 10:30

Aialaren eta Eibarko Arrateren arteko partida. (Luis Epelde)

Lau taldeen artean onenak txartela eskuratuko du Espainiako txapelketako azken fasea jokatu ahal izateko.

Bihar, etzi eta etzidamu jubenil mailako nesken Espainiako txapelketako partidak jokatuko dituzte Aritzbatalden. Zortziko final handira heltzea izango dute jokoan B taldeko lau taldeek. Zarauzko jubenilen taldea horien artean dago, eta etxean hartuko ditu Loyola, Pereda eta Calasancio taldeak.

Hiru partida jokatuko dituzte jarraian talde guztiek asteburu honetan, eta lauretan onenak Espainiako txapelketako azken faserako txartela eskuratuko du. Honako hurrenkeran jokatuko dituzte partidak Aritzbatalden:

Bihar, ostirala:

  • 17:30ean, Transportes Royo Calasancio-Unicaja Banco Pereda.
  • 19:30ean, Aiala Zarautz ZKE-BM Loyola.

Etzi, larunbata:

  • 16:00ean, Transportes Royo Calasancio-Aiala Zarautz ZKE.
  • 17:30ean, Unicaja Banco Pereda-BM Loyola.

Etzidamu, igandea:

  • 11:00etan, BM Loyola-Transportes Royo Calasancio.
  • 13:00etan Aiala Zarautz ZKE-Unicaja Banco Pereda.

Kadete mutilak, Artalekun

Datorren hau asteburu zirraragarria izango da Zarauzko eskubaloiko kadete mutilentzat ere, Euskadiko txapelketako lauko finala jokatuko baitute Irunen (Gipuzkoa). Bihartik igandera bitartean, Ereintza Aguaplast, Barakaldo eta Zaisa Bidasoa izango dituzte aurkari Gran Caming Zarautzeko gaztetxoek. Hiru talde onenak maiatzaren 26 eta 29 artean jokatuko den Espainiako txapelketako faserako sailkatuko dira.