Azoka egin dute goizean malekoian, boluntariotzari ikusgarritasuna emateko helburuarekin

Iñigo Gaiton 2022ko mai. 7a, 16:29

Boluntario izan nahi? lelopean egin dute azoka, eta 26 elkartek jarri dituzte postuak. Eguraldi ona lagun, mugimendua izan da azokaren eremuan. 

Zarauzko I. Boluntariotza Azoka egin da gaur goizean malekoian. Galtxagorri elkarte gastronomikoaren parean jarri dituzte karpak antolatzaileek lehen orduan, eta 10:30ean abiatu dute ekimenaren lehen edizioa. Giro eguzkitsuarekin, mugimendua izan da malekoian, eta adin guztietako jendearen interesa piztu du azokak. Postuetara hurreratutako lagunek aukera izan dute gizarte lanean diharduten talde desberdinen jarduna gertutik ezagutzeko eta horietan izena emateko.

Azokan parte hartu duten elkarteen artean, izan dira zarauztarrak ere: Udaberri Jubilatuen Elkartea, Acoes Zarautz, La Salle Proyde-Proega, Hotz Zarautz, eta Saharautz Elkartasun Taldea, hain zuzen ere.