Mendi Tourreko filmak ikusteko beta izango da Modelon aurten ere

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 9a, 16:00

Mendi Film nazioarteko zinemaldiko hainbat ikus-entzunezko eskainiko dituzte Modelo aretoan maiatzaren 19an eta 26an. Sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke aretoko leihatilan, 5 euroan.

Modelo aretora itzuliko da maiatzean Mendi Film nazioarteko zinemaldiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria. Hain zuzen, maiatzaren 19an eta 26an izango dira proiekzioak.

Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura protagonista dituzten pelikulek osatuko dute Zarauzko programazioa. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren hamalaugarren edizioan sarituak izandako bost film proiektatuko dituzte guztira; tartean, Mendiak-1976. Joan zen abenduan Mendi Filmeko Hasiera Ekitaldian estreinatu zenez geroztik, hainbat sari irabazi ditu. Bilbon Publikoaren Saria eta Mendiko Film Onenaren Saria irabazi zituen, Iruñeko Golem Baiona zinemetan zazpi astez egon zen karteldegian eta, oro har, harrera bikaina jasotzen ari da.  Luis Arrieta, Dani Burgui eta Jesus Iriartek eginiko pelikula da, 1976ko Shakhaur-Hindu Kush espedizio nafarra oinarri duena.

Maiatzaren 19ko eta 26ko saioak 20:00etan hasiko dira, eta 22:00etarako amaituko direla aurreratu dute antolatzailek. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, 5 euroan, Modeloko leihatilan. Jatorrizko bertsioan eskaintzen diren pelikulak Mendi Filmek sortutako azpitituluekin lagunduko dituzte.

Maiatzak 19 osteguna

  • Mendiak-1976. Mendiko Film Onena eta Ikusleen Saria 2021eko Mendi Filmean. Historia zirraragarria, 1976an Shakhaur (7.116m) inguruan espedizio nafar bat eta poloniar bat betirako anaitu zituena: gailur historikoa, istripu tragikoa, mugarik gabeko elkartasuna, erreskate gogoangarria, eskutitz harreman zentsuratua, berreskuratutako kontaktua...
  • Action directe. Melissa Le Nevé eskalatzaile frantziarra da Action Directe 9A graduko bide ikonikoa eskalatu duen lehen emakumea. Temati heldu dio erronkari hainbat urtez, gorputz-arima bide horretan jarrita.

Maiatzak 26, osteguna

  • Amagana. 2021eko Mendi Filmean, Euskarazko Film Onenaren Saria. Itziar Zabala Baltzolako kobaren altzoan hazi eta hezitako puntako eskalatzailea da. Hari zor dion debozioak darama, berriro, amagana.
  • The Traverse. 2021eko Mendi Filmean, Epaimahaiaren Saria. Valentine Fabre eta Hillary Gerardi, goi-mailako bi atleta, Chamonix eta Zermatt lotzen dituen Haute Route ibilbidea geldialdirik gabe eskiatzen duten lehen emakumeak izateko erronkan murgilduko dira.
  • Black Ice. 2021eko Mendi Filmean, Eskalada Film Onena. Larruazal beltzekoentzat ezohikoa den jokogune bat: elurra eta izotz hormak. Eta berezko dituzten ezaugarriak: anaitasuna eta rollo ona. Menphistar batzuk protagonista, alpinista izatea zer den ikasi nahi dutenak haien irakaslearengan uste on osoa jarriz: Conrad Anker.