Kutsadura akustikoaren inguruan kontzientzia pizteko kanpaina abiatu du udalak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 15a, 11:00
BegoƱa Rodriguez Ingurumen teknikaria eta Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia, herriko gune zaratatsuenetariko baten parean. (Amaia Urbieta Arruti)

Lau egoera islatzen dituzten kartelak jarriko dituzte herrian zehar, eta lanketa egingo dute ostalariekin eta udal brigadako langileekin, zarata murrizteko.

Zaratak inguratuta bizitzeak herritar askoren ongizatean eragiten dituen kalteez ohartarazteko sentsibilizazio kanpaina jarri du abian udalak. Ostiral goizean aurkeztu zuten kanpaina Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak eta Begoña Rodriguez Ingurumen teknikariak. 

Alde batetik, zaratagatik behar bezala atseden hartu ezin duten lau pertsonaren kasuak azaltzen dituzten ikus-entzunezko laburrak emitituko dituzte Erlo telebistan, eta lau egoera horiek irudikatzen dituzten kartelak ere ipiniko dituzte herrian zehar. Bestetik, lanketa egingo dute herriko ostalariekin eta udal brigadako langileekin, eta hainbat gomendio emango dizkiete zarata murrizteko.