Izena eman daiteke kiroldegiko gazteen udako kirol eskaintzetan

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 16a, 12:15

Ikastaro intentsiboak antolatu ditu Aritzbatalde kiroldegiak uztailerako; bi hamabostalditan banatu ditu txandak.

Aritzbatalde kiroldegiak haurrei eta gazteei zuzendutako udako eskaintza aurkeztu du. Hala, igerian ikasteko zein kirola egiteko ikastaro intentsiboak antolatu dituzte uztailerako, bi txandetan banatuta: lehena uztailaren 1etik 14ra izango da, eta, bigarrena, uztailaren 15etik 30era.

Kirol Txokoetan jarduera ugari probatzeko aukera izango dute LH1-LH3 eta LH4-LH6 bitarteko haurrek, goizero lau orduz, kirolaz gozatzeko eta ondo pasatzeko asmoarekin. Saioak aretoetan nahiz uretan egingo dituzte, baita kiroldegitik kanpo ere. 

Era berean, igeriketa ikastaro intentsiboak eskainiko dituzte goizero; udan igerian trebatu eta freskatu nahi dutenentzat. DBH1-4 bitarteko gazteentzat, gainera, Gaztefit eskaintza izango da: goizero bi orduz igerilekuan, lehorrean zein kalean egingo dituzte saioak, kirol ezberdinak ezagutuz eta praktikatuz.

Ikastaro intentsiboez aparte, aurten berrikuntza gisa, igerilekuan haur jaioberrientzako ikastaroak ere eskainiko dira uztailean, kirol egokituko ikastaroekin batera. Horiek guztiak astean behin eskainiko dituzte.

Izena Aritzbatalde kiroldegiko harreran eman behar da gaurtik aurrera; momentuan gauzatuko da eta iriste ordenaren araberakoa izango da. Argibide gehiagorako 943-00 51 23 telefono zenbakira dei daiteke edo kirola@zarautz.eus posta elektronikora idatzi.