'Mendiak-1976' eta 'Action directe' filmak eskainiko dituzte, Mendi Tourren barruan

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 19a, 10:00

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren hamalaugarren edizioan sarituak izandako bost film proiektatuko dituzte Zarautzen, Mendi Tour zirkuituaren barruan, gaur eta hilaren 26an banatuta. Gaur, Mendiak-1976 eta Action directe emango dituzte Modelon.

Joan zen abenduan Mendi Filmeko Hasiera Ekitaldian estreinatu zenez geroztik, hainbat sari irabazi ditu Mendiak-1976 lanak. Bilbon Publikoaren Saria eta Mendiko Film Onenaren Saria irabazi zituen, Iruñeko Golem Baiona zinemetan zazpi astez egon zen karteldegian eta, oro har, harrera bikaina jasotzen ari da.  Luis Arrieta, Dani Burgui eta Jesus Iriartek eginiko pelikula da, 1976ko Shakhaur-Hindu Kush espedizio nafarra oinarri duena.

Bestalde, Melissa Le Nevé eskalatzaile frantziarra da Action Directe 9A graduko bide ikonikoa eskalatu duen lehen emakumea. Temati heldu dio erronkari hainbat urtez, gorputz-arima bide horretan jarrita.

Saioa 20:00etan hasiko da, eta sarrerak 5 euroan eros daitezke, Modeloko leihatilan. Jatorrizko bertsioan eskainiko dira pelikulak azpitituluekin.