'Balearen begia' erakusketa zabaldu dute Photomuseumen

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 24a, 16:00

'Balearen begia' erakusketako argazki bat. (Elena Vecino)

Ekainaren 26a bitartean ikus ahal izango dira Elena Vecino zientzialariak balea baten begiei egindako ikerketen argazki-emaitzak.

Elena Vecinoren Balearen begia argazki erakusketa zabaldu berri dute gaur Photomuseum Argazki eta Zinema Museoan. Egileak Oftalmo-Biologia Esperimentaleko taldea zuzentzen du EHUn, eta Sopelako hondartzan hondoa jo zuen balea baten begiko hainbat zatien mikroskopia optiko eta elektronikoko argazkiak erakusten dira proiektu honetan. 

Mikroskopia elektronikoko argazkiak jatorriz zuri-beltzekoak dira, eta Luis Lopez Vecinoren laguntzarekin koloreztatu ditu. "Alderdi garrantzitsuenak nabarmentzeko, beren esanahi espezifikoa duten kolore-paleta bat erabili dugu, eta baleen ikusizko ezaugarriak jabetzen lagundu digute", nabarmendu du egileak ohar bidez. Emaitzak aldizkari zientifiko entzutetsuetan argitaratu dira.

Ikerketan zehar jasotako hamasei argazkik osatzen dute balearen begia erakusketa, eta publiko osoari zuzenduta dago. Gainera, ikusmen-urritasuna duten pertsonei egokituta dago; irudiekin batera, ukitzeko moduko beste argazki batzuk daude, Brailleko testuarekin. Era berean, aretoan baleek egiten duten soinua entzun ahal izango da, eta animaziozko hiru bideo jarriko dituzte ikusgai, baleek nola ikusten duten azaltzen dutenak.

Erakusketa ekainaren 26ra arte egongo da zabalik, eta ekainaren 3an, ostiralarekin,  bideo emanaldia nahiz mahai ingurua egingo dute Elena Vecinoren parte hartzearekin, 18:00etatik aurrera.