Asteartean hasiko da 24. Astronomia Astea

Amaia Urbieta Arruti 2022ko mai. 26a, 09:00

2018ko Astronomia Asteko eguzki behaketa. (Hitza)

Astronomiaz ikasteko lau hitzordu prestatu ditu aurtengoan Arkamurka Natur Taldeak. Ohiko behaketak egingo dituzte, baita bi hitzaldi ere.

Urtero bezala, astroen munduan barneratzeko aukera eskainiko du Arkamurka Natur Taldeak. Astronomiaren mundua zabala da, eta urtez urte ertz desberdinak lantzen ahalegintzen dira natur taldekoak.

Aurten, zeruari "ezohiko moduan" begiratuko diotela aurreratu dute, zehazki, "gurea ez den beste planeta batetik begiratuz". Horretarako, EHUko Zientzia Planetarioen Taldeko kide den Hao Chen Chenek bisitatuko du Arkamurkaren egoitza datorren asteartean, eta 20:15etik aurrera, zerua Marte planetatik nola ikusten den erakutsiko die bertaratzen direnei, baita gaiari buruzko hainbat azalpen eman ere. Misio espazialetako kamerek Marteren gainazaletik lortutako irudiek planetaren hainbat alderdi hobeto ezagutzeko aukera eman diete astronomialariei: haren geologiari buruzko xehetasunak ematen dituzte, metereologiaren ezaugarriak zehazten laguntzen dute, eta orbitatik egindako atmosferaren eta klimaren ikerketarako informazio gehigarria ematen  dute. Hao Chen Chenen hitzaldian irudi horien beste erabilera bat ezagutzeko aukera izango da: astroen behaketa Marteren gainazaletik.

Hurrengo hitzordua gaur zortzi izango da, James Webb teleskopio espazialaren inguruan. Begi bistaz ikusten ez diren gauzak uhin-luzera desberdinetan ikusi ahal izateko, teleskopio mota ezberdinak prestatzen dira. Horren adibide da James Webb teleskopio berria, eta hari buruzko azalpenak ematen ariko da Iñigo Elorza Arkamurka Natur Taldeko kidea elkartearen egoitzan, 20:15etik aurrera.

Hurrengo egunean, ostiralean, Astronomia Asteko ohiko hitzorduetako bat izango da: gaueko behaketa. 21:30etik aurrera, Torreoian elkartuko dira teleskopioak hartuta, eta eguraldia lagun badute, tarte ederra igaroko dute planetak bilatzen eta gauaz gozatzen. Jakinarazi dute norbaitek bere teleskopio propioa eraman nahi badu badela horretarako aukera, eta natur taldeko kideek hori erabiltzen izan ditzkeen zalantzak argituko dizkiote, "elkarren artean asko ikasi dezakegu eta".

Azken hitzordua ere urtero-urtero txertatu ohi dute Astronomia Astean: eguzki behaketa. Ekainaren 4an, larunbatez egingo dute, ohi bezala, Munoa plazan, 12:00etatik 14:00etara. "Uda atari honetan merezi du eguzkia zer nola dagoen ikusteak; lasai dabil edo aztoratuta al dago?". Egoera horiei buruzko azalpenak ere bertan jaso ahalko dira Arkamurkako kideen eskutik.

Egitaraua osorik

Maiatzak 31, asteartea. 20:15ean, Bajo los cielos de Marte hitzaldia, Hao Chen Chenen eskutik, Arkamurkaren egoitzan.

Ekainak 2, osteguna. 20:15ean, James Webb teleskopio espazialari buruzko saioa Arkamurkaren egoitzan, Iñigo Elorza natur taldeko kidearen eskutik.

Ekainak 3, ostirala. 21:30ean, gaueko behaketa, Torreoian.

Ekainak 4, larunbata. 12:00etatik 14:00etara, eguzki behaketa, Munoa plazan.