Datorren astetik aurrera izango da erabilgarri kalistenia parkea

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 28a, 11:30
Leire Arana Kirol zinegotzia, kalistenia parkean. (Zarauzko Udala)

Udalak 23.854,85 euro bideratu ditu Borghetton finkatu duen kirol parke berria atontzeko.

Kalistenia parke berria muntatzen ari dira malekoian, Borghetto inguruan. Kalistenia gero eta gehiago praktikatzen den kirol modalitatea da, eta bertan norbere gorputzaren pisua erabiltzen da gihar-taldeak indartzeko, makinarik edo tresnarik erabili gabe. Asteburu honetan oraindik ez dago erabilgarri, lurrak ondo finkatzeko bere denbora behar duelako, eta datorren astean zabalduko dute, homologazioaren ziurtagiria jasotakoan.

Parkeko elementuak jartzeaz Toxic Workout enpresa arduratu da, 12.027,40 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin, eta segurtasun lurra, berriz, Garra enpresa, 11.927,45 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Guztira, 23.854,85 euroko (BEZ barne) inbertsioa egin du udalak.

“Pandemiak argi utzi du kalitatezko kanpoko kirol instalazioen beharra. Udaletik egun ditugun aire libreko espazioak ahalik eta txukunen mantentzeko lan egiten dugu eta oraingoan, kirol modalitate berri baten aldeko apustua egin dugu”, adierazi du Leire Arana Kirol zinegotziak. Herritar guztiek "arduraz kirola egin eta osasuntsu mantentzeko" erabili dezaketen espazio bat dela gaineratu du.

Parkearen funtzionamendu egokia sustatzeko, erabilera arauak, ariketa desberdinak eta ohar garrantzitsuak jasotzen dituen kartel bat jarri dute.

 

Datorren astetik aurrera erabilgarri

Asteburu honetan oraindik ez da erabilgarri izango kalistenia parkea, bertan jarri den lurra ondo finkatzeko denbora izan dezan, eta datorren astean zabalduko da homologazioaren ziurtagiria jaso ondoren.