Errepidera itzuli da Haimar Zubeldia Klasikoa

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 29a, 17:40

Azken hiru edizioak hutsean igaro ostean, Haimar Zubeldia Klasikoa egin dute berriro  gaurkoan, 700 zikloturisten parte hartzearekin. 

Zarauzko Zikloturista Elkarteak antolatuta, igande honetan egingo dute zikloturista proba esanguratsua. Eguraldi ona zegoen emanda  eta iragarpenek ez dute hutsik egin: baldintza egokitan txirrinduan aritzeko parada izan dute errepidera irten diren 700 lagunek.

Aritzbatalde kiroldegiaren parekin abiatu dira, 08:00etan, eta Urola Kosta, Tolosaldea eta Goierri  eskualdeetan zehar 152 kilometroko ibilbidea osatu ondoren, hasitako toki berean helmugaratu dira. Aurretik, ordea, zazpi mendate zorrotz gainditu behar izan dituzte bidean. Bakoitza bere erritmoan joan da, eta multzo ezberdinetan osatu du klasikoa. Azkenean, erabat saretuta ailegatu dira Zarautzera, egindako ahaleginarekin gustura.

Amaieran, ganoraz indarberritzeko anoa postu ederra izan dute txirrindulariek Aritzbatalde pilotalekuan, zikloturista elkartearen eskutik. Hainbat opariren zozketak ere egin dituzte parte hartzaileen artean.