'Burujabetzaren bidetik' liburua aurkeztu du Andoni Eizagirrek

Aritz Mutiozabal 2022ko mai. 31a, 14:00

Ezkerretik hasita lehenengoa da Andoni Eizagirre; ostiraleko aurkezpenean. (Oreki Fundazioa)

Irakasle zarauztarrak Ion Muñoarekin batera koordinatu du lana, eta bertan euskal esperientzia historikoaren zentzua gaurkotu nahi izan dute Euskal Herriaren etorkizunari begira.

Burujabetzaren bidetik. Bakoitzak urraturik berea, denon artean geurea liburu kolektiboa
aurkeztu zuen Oreki fundazioak joan den ostiralean, Hernaniko Orona Fundazioaren areto nagusian. Mondragon Unibertsitateko irakasle Andoni Eizagirre zarauztarrak koordinatu du liburua, Deustuko Unibertsitateko irakasle Ion Muñoarekin batera, eta  adierazi zuten "talde lan luze eta emankor baten emaitza" dela  honakoa. Liburuaren jatorria 2018an egindako herrigintzari buruzko mintegi batean dago eta hango gogoetetatik tiraka ondu dute proiektua. Sarrera eta epilogoa beraiek idatzi dituzte, baina gainerakoan, 22 egileren idatziez osatuta dago bilduma; hau da, "izaera eta ezaugarri ezberdinetako ekarpenez".

Eizagirrek liburuan jasota dauden ideia nagusiak azaldu zituen aurkezpenean,  eta  azpimarratu zuenez, "liburuak euskal esperientzia historikoaren zentzua gaurkotu nahi du, egungo eta etorkizuneko erronkei argi egiteko asmoz". Bere esanetan, "gure aurrekoei arreta ipiniz gero, badira ikasgai on askoak, gurea bezalako ziurgabetasun giroan gizatasunez nola jokatu erakusten digutenak". Gaineratu zuenez, "XXI. mendeak ez luke zertan ezberdina izan. Gaur egunean ere hurbilketa konparatzaileak berresten digu oparotasun handieneko eskualde eta herrialdeetan pertsonaren balioak, araubideak eta portaerazko jarraibideak zeinen garrantzitsuak diren berrikuntza, ongizatea eta kohesioa herribideratzeko".

Horiek kontuan hartuta, Eizagirrek adierazi zuen "euskaldunok besteei entzuteko eta besteetatik ikasteko bokazioa izan dugu, bai eta gurea ulertu eta berritzekoa ere" eta horregatik, bere hitzetan liburu honetara "aurrekoei entzun, zentzua eman eta gaurkotzeko gogo-aldarte gizatiarrak ekarri gaitu". Egilearen ustez, liburuan agerian geratzen da "gerogintzaren asmotan, esperientziaren zentzutik asko ikas genezake, ostera ere etorkizuneko galdera, erronka eta zeregin berrien aurrean gure burubide eta jokabideek gizabidez eta eskuzabaltasunez arituta guztiontzat erantzunak bilatzen jarraitu dezaten".