Piktogramak margotu dituzte oinezko pasabideetan, autismoa dutenei laguntzeko

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 1a, 17:30
Iker Basurko Mugikortasun zinegotzia eta Irune Urbieta Hezkuntza zinegotzia, piktogramaz margoturiko pasabide batean. (Zarauzko Udala)

Lau piktogramako jarraipena jarri dituzte eskoletako, anbulatorioko eta kiroldegi inguruko zebra-bideetan.

Piktograma bidezko jarraipenekin margotu dituzte herriko hainbat oinezko pasabide, Espektro Autistaren Nahasteak (EAN) dituzten pertsonen bide publikoetako mugikortasuna hobetzen laguntzeko. La Salle ikastetxeak bultzatu du egitasmoa, eta udaleko Mugikortasun eta Hezkuntza departamentuek landu dute elkarlanean, herriko ikastetxeetako eskaerari erantzunez. Hala, eskola inguruko oinezko pasabideak margotu dituzte, baina baita anbulatorio eta kiroldegi ingurukoak ere.

Zebra-bideetako lehen marra zurian lau piktogramako jarraipen bat –Gelditu, Begiratu, Autoa geldi eta Aurrera mezu laburrekin lagunduta– margotu dute, eta sistema hau EAE daukaten pertsonen mugikortasunean lagungarri izan dadin nahi dute. Izan ere, “haur eta gazte hauentzat kontzeptuen ulermena errazagoa izaten da ilustrazio eta piktogramen bidez”, adierazi du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak. Era berean, jarraitu beharreko zirkulazio-arauak barneratzen lagunduko diela nabarmendu du.

Era berean, Mugikortasun eta Hezkuntza departamentuek baliagarritzat jotzen dute ekimen hau ikastetxeetara egunero joaten diren haur eta nerabe guztientzat. Basurkoren esanetan, "gogoan eduki dezaten momentu oro, oinezko pasabideak segurtasunez igarotzeko jarraitu beharreko pausoak”.

Ikerketaren emaitza

Piktograma bidezko seinaleak oinezko pasabideetan ezartzearen ekimena Sevillako Unibertsitateko Hezkuntza Zientzien fakultatean Carlos Hervás irakasleak zuzendutako ikerketa-proiektu baten ondorioz sortu zen. 1.800 haur inguruk parte hartu zuten ikerlan horretatik emaitza gisa atera zen orain Zarauzko oinezko pasabideetan aurki daitezken piktograma jarraipenak.