Emakumentzako surf ikastaroa antolatu du Emakumeen* Etxeak

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 2a, 13:15

Ekainaren 12an izango da, eta Emakumea* Surflari elkarteak eskainiko du. Hilaren 9a bitartean eman daiteke izena.

Emakumeen* Etxeko Mahaian sortutako proposamen batek bere fruitua eman du, eta datorren ekainaren 12an surf ikastaroa eskainiko du Emakumea* Surflari elkarteak. Ikastaroak 10 euro balioko du, eta bertan parte hartu nahi dutenek ekainaren 9a baino lehen eman beharko dute izena, 943-00 51 36 telefono zenbakira deituta, emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera idatzita edota Emakumeen* Etxera bertaratuta (Nafarroa kalea, 3). Bi orduko saioa izango da, 09:00etatik 11:00etara, eta topaketa Emakumeen* Etxean egingo dute. 

“Kirolean ere parekidetasuna bilatzen dugu, eta Emakumea* Surflari elkartearen proposamenak arlo honetan genero- berdintasuna sustatzeko eta emakumeak praktika honetara hurbiltzeko balio du”, nabarmendu zuen Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak atzo arratsaldean eginiko agerraldian.

Emakumea* Surflari elkarteko kide June Torrealdaik, bere aldetik, ikastaroen nondik norakoak azaldu zituen. Antolatzen dituzten jarduerak taldean egiten dituztela azaldu zuen, "gure auto-ezagutza lantzeko eta beste emakume batzuekin elkarbanatzeko, elkarren arteko laguntza sareak sortzeko, loturak eta esperientziak bizitzeko gorputz ahalduntze integralaren prozesuan, bai fiskoan eta baita emozionalean ere”.