Piriniotara irteera egingo du Pagoetak ekainaren 18an eta 19an

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 2a, 14:29
Larraineko portutik igoko dira Orhi mendira.

Urteko egunik luzeenetarako asteburupasa ederra prestatu du Pagoeta Mendizale Elkarteak. Izaban ostatu hartuta, inguruko bazterrak ezagutzeko bi txango egingo dituzte. 

Izaban (Nafarroa) hartuko dute ostatu ekainaren 18ko eta 19ko asteburuan Pagoeta Mendizale Elkartekoek, eta inguruko bi txango egingo dituzte larunbatean eta igandean. Larunbatean, Larraineko (Zuberoa) portura igo, eta handik Orhi mendira eta Iratiko etxoletara egingo dute ibilbidea. Igandean, berriz, Itzaltzutik (Nafarroa) abiatzen den Gartxoten ibilbidea egingo dute, baita Abodi tontorra igo ere. 

Beroki edota euritakoa, makilak, esku zorroak, bi egunetarako mokaduak eta ura eraman behar direla azaldu du mendi elkarteak, eta gomendatu du motxilan pisu gehiegi ez sartzeko. Aterpean mantak egongo badira ere, zakua edota izarak norberak eraman behar dituela ere azaldu du. 

Bazkide gazteentzat (25 urte arte) 55 euro balioko du txangoak, eta helduentzat, berriz, 90 euro. Bazkide ez diren gazteentzat 60 euroko kostua izango du, eta helduentzat 100 eurokoa. Ordainketa honako kontu korronteetako batean egin beharko dute parte hartu nahi dutenek: 2095 5076 48 1065685215 (Kutxabank) edota 3035 0029 65 0290015562 (Laboral Kutxa). 

Asteburu pasan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute. Horretarako, Pagoeta Mendizale Elkartearen egoitzara jo dezakete ekainaren 9ra arte, 20:00etatik 21:00etara. Posta elektronikoz ere eman daiteke izena, pagoetame@gmail.com helbidera idatzita, mezuan norberaren datuak eta ordainagiriaren dokumentua erantsita.