Marina Lertxundik irabazi du Erlo-Xoxote orientazio proba

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 8a, 17:00

Berrehundik gora lagunek parte hartu zuten Gipuzkoako Orientazio Taldeak antolatutako proban. Hain zuzen, Gipuzkoako Orientazio Ligako seigarren proba izan zen igandekoa, eta bertan estreinatu zuten Xoxoteko orientazio mapa berria.

2022ko Gipuzkoako Orientazio Ligako seigarren proba jokatu zuten igandean Xoxoten. Gipuzkoako Orientazio Taldeak (GOT) Lagun Onak Mendi Bazkunarekin eta Azpeitiko Udalarekin elkarlanean antolatutako proba izan zen igandekoa, eta jende ugarik eman zuen izena. Hain zuzen, berrehundik gora lagunek parte hartu zuten Xoxoteko orientazio saioan. Bertan estreinatu zuten Xoxoteko orientazio mapa berria. 

Probako parte hartzaileek GOT-ek aukeran jarritako hiru ibilbidetako bat egin behar izan zuten: horia, laranja edo gorria. Ibilbide horia gaztetxoekin egitekoa zen; laranja hastapenetako ibilbidea zen; eta gorria orientazioan ibiltzen diren herritarrei zuzendutakoa. Taldeka nahiz banaka jokatu zuten proba. 

Emakumezkoen proban, Marina Lertxundi izan zen nagusi. Hark ordu bat, 19 minutu eta 55 segundo behar izan zituen proba amaitzeko. Haren ostean sailkatu zen bere ahizpa Aitana Lertxundi, sei segundoko aldearekin. Dune Pascual nafarra sailkatu zen hirugarren, ordubete, 28 minutu eta 5 segundoko denborarekin.

Gizonezkoetan, Unax Galarraga donostiarra izan zen azkarrena. Galarragak 57 minutu eta 38 segundo behar izan zituen GOT-ek jarritako hamabost balizak aurkitzeko. Hain zuzen, bost kilometroko ibilbide tekniko eta fisikoa zen igandekoa, eta antolatzaileen arabera "mapa zehatz-mehatz irakurtzea ezinbestekoa" zen balizak bilatzeko. Galarragaren ondotik sailkatu ziren Jorge Urkizu nafarra eta Aran Lertxundi zarauztarra, Marina eta Aitanaren anaia. 

Igandeko sailkapena osorik, hemen

(Argazkiak: Gipuzkoako Orientazio Taldea)