Lehorreko Ekosistemak izan dituzte hizpide Eskola Agenda 2030eko batzarrean

Aritz Mutiozabal 2022ko eka. 8a, 19:00
Eskola Agenda 2030eko urteko batzarra udaletxean. (Zarauzko Udala)

Urteko bilkura egin dute ikasleek udaleko ordezkariekin, eta ikasturtean landutakoa aurkeztu diete gaur goizean.

Eskola Agenda 2030eko urteko batzarra egin dute herriko ikasleek gaur goizean udaletxean. Ikasturtean zehar, herriko ikastetxeetan 2030 Plan Estrategikoaren barruko Garapen Jasangarrirako Helburuetako bat landu dute –Lehorreko Ekosistemak, hain zuzen ere–, eta gaurko saioan udaleko zinegotzien aurrean aurkeztu dute egindako lana. Horretarako, herriko gune desberdinetako zelai eta larreetako landareen ekosistemak aztertu dituzte.

Udalbatzarrean bildu dira, eta ikasleen galderak nahiz proposamenak erantzuten, honako ordezkari politikoek hartu dute parte: Xabier Txurruka alkatea, Gloria Vazquez Parekidetasun eta Ingurumen zinegotzia eta Eskola Agenda 2030 proiektuaren arduraduna, Leire Arana Kirol, Boluntariotza eta Landa Garapeneko zinegotzia, Iker Basurko Mugikortasun eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzia, eta Patxi Elola Lankidetza eta Lorezaintza zinegotzi arduraduna.

“Eskola Agenda 2030en bitartez, ikasleek lagundu egiten digute Zarautzen dauzkagun altxor naturalak herritarrengana zabaltzen eta naturarekiko sentsibilizazioa sustatzen”, adierazi du Gloria Vazquezek. Haien proposamenei esker, "gauza gehiago egitera" bultzarazten dutela udala gaineratu du: "Lan ederra egin dute eta eskerrak eman nahi dizkiet ikasle zein irakasleei egindako lanarengatik”.