Turismo Bulegoaren irudia Malen Urangaren lana izango da

Amaia Urbieta Arruti 2022ko eka. 23a, 10:26
Esther Facchin Turismo Bulegoaren zuzendaria, Malen Uranga logo lehiaketaren irabazlea eta Leire Arana jarduneko Turismo zinegotzia. (Amaia Urbieta Arruti)

Zarauztarraren Betikotik berri izeneko lana aukeratu du epaimahaiak. Guztira, 40 proiektu aurkeztu dira lehiaketara, eta epaimahaiaren hautua "ez da erraza izan".

Aurkeztu dute aurrerantzean Zarauzko Turismo Bulegoaren ikurra izango den logotipo berria. Maiatz erdialdean jarri zuen udalak lehiaketa martxan, eta epaimahaiak ebatzi du Malen Uranga zarauztarrak aurkeztutako Betikotik berri lana izan dela egokiena.

Leire Arana jarduneko zinegotziak azaldu du ez dutela lan erraza izan aurkeztutako 40 lanen artean hautatzen, eta kontuan hartu dituzten irizpideak aletu ditu: «Sinpletasuna, udalaren kolore paleta errespetatzea, identifikagarria, adierazgarria eta dotorea izatea». Urangaren lanak irizpide guztiak betetzen dituela adierazi du Aranak, eta toldoaren aldeko hautua egin dutela, zarauztarrengan sortzen duen «atxikimendu sentimendua» tarteko.

Hala, 2.500 euroko saria irabazi du Urangak, eta aurrerantzean berak sortutako logotipoa eta haren bueltako iruditeria erabiliko dira Zarauzko Udalaren Turismo departamentuaren komunikaziorako.

Uranga diseinu grafikoko ikasketak egiten ari da, eta oso gustura agertu da saria irabazi duelako. Logoa sortzeko prozesuaren xehetasunak eman ditu eta, azaldu duenez, hasiera batean «toldoa saihesten» ahalegindu zen. «Segituan konturatu nintzen gure toldoa ikono bukaezina dela, eta logo bat azkenean hori da, zerbaitekin identifikatzen duzun irudia. Kasu honetan lan hori egina zegoen, eta horrekin jokatzea erabaki nuen», jakinarazi du zarauztarrak.

Berritzeko beharra

Aranaren arabera, Turismo Bulegoak azken urteetan izan duen bilakaerak eta sektorearen digitalizazioak behartu ditu Turismo departamentuaren eta bulegoaren logoa eguneratzera. Izan ere, 80ko hamarkadan sortu zuten gaur arte erabili den ikurra, eta ez da erraz egokitzen euskarri, formatu edota aplikazio ezberdinetara.