Bertso Astea 2022

Betiko formatura itzuliko da Bertso Astea ere

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uzt. 2a, 09:00

Motxian-Etxebeltz bertsoguneak Bertso Astea antolatu du beste urte batez eta, aurtengoan, ohiko formatuan egiteko moduan izango dira, pandemiak eragindako oztoporik gabe. Hala, bueltan izango dira berriro ere Bertso Pilota edota Txepelketa, uztailaren 7tik 9ra. 

Egitaraua

  • Uztailak 7, osteguna. Bertso musikatuen emanaldia, 22:00etan, Torre Luzeako parkean (eguraldi txarra egingo balu, Modelon). Saio amaieran, Basarri Bertsopaper Saria banatuko dute. Aner Peritz zarauztarra izan da aurtengo txapelduna. 
  • Uztailak 8, ostirala. Bertso-pilota, 18:30ean, Frontoi Txikin (euria egingo balu, Zinema frontoian). Erniarraitz Motxian-Etxebeltzen aurka. Erniarraitzen taldea Oier Etxeberriak eta Julene Iturbek osatuko dute, eta Jon Gurrutxaga izango da botilero. Motxian-Etxebeltzen taldean, berriz, Maite Aizpurua eta Markel Eizagirre ariko dira pilotan, eta Julen Zulaika botilera. Epaile lanak, berriz, Iñigo Mantzizidor Mantxi-k egingo ditu. 22:30ean, Bertso Desapiyua izango da bi bertso eskolen artean, Torre Luzeako parkean (euria egingo balu, Modelon). Motxian-Etxebeltzen taldean Aner Peritz Euzkitze, Libe Goenaga eta Aimar Sorazu ariko dira bertsotan. Erniarraitzenean Oier Etxeberria, Julene Iturbe eta Jon Gurrutxaga. Gai-jartzaile lanak, berriz, Ane Peñagarikanok egingo ditu. 
  • Uztailak 9, Bertso Eguna. 10:30ean, Musika Plazan hamaiketakoa eta, ondoren, Txepelketa egingo dute, Alde Zaharreko tabernetan zehar.