Zarautzen airearen kalitatea ona dela ondorioztatu du udalak eginiko azterketak

Aritz Mutiozabal 2022ko uzt. 3a, 11:30
Zarauzko herriaren panoramika zabala. (Aritz Mutiozabal)

Aztertutako parametroen mailak "erakundeen gidalerroek gomendatzen dituzten mailen barruan" daudela nabarmendu du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia. Sercontrol 2000 SL enpresa arduratu da airearen kalitatea neurtzeaz.

Ingurumen departamentuak udalerriko airearen kalitatea neurtzeko kanpaina jarri zuen martxan iaz, trafikoak eta industriak atmosferara egiten dituzten isurketak aztertu eta ebaluatzeko. Sercontrol 2000 SL enpresak eginiko azterketaren emaitzak jada jasota, Zarautzen airearen kalitatea ona dela adierazi du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak, baita "industriak ez duela aparteko eraginik" eta "dauden emisioak trafikoak sortuak direla” ere. Azterketak egiten jarraitzeko asmoa du udalak, aurtengo datuak ondorengoekin alderatzeko.

Kanpainak iazko uztaila eta azaroa bitartean egin zen, eta hainbat fase izan ditu. Neurketa lanak aurrera eramateko ekipo desberdinak jarri zituzten herriko hainbat puntutan, eta airearen kalitateari eragiten dioten parametroen balioak erregistratuz joan ziren. Datu guztiak bildu eta ebaluatu ondoren, udalerriko airearen kalitatearen kontrolari buruzko lehen txostena osatu dute, eta ondorioztatu dute airearen kalitateari dagozkion adierazleak onargarriak diren tarteen barruan daudela.

Edonola ere, nitrogeno oxidoen maila handiagoak ikusten dira trafiko-intzidentzia handiena jasaten duten eremuetan, ibilgailuen isuriek eraginda, eta bereziki, trafiko gehien izan den egunetan, hau da, N-634 errepidean eta udako jaiegunetan. Emaitzak Ona, Onargarria, Moderatua, Pobrea, Oso txarra eta Guztiz txarra gisa ebaluatzen dira, eta  uztail amaieran eta San Inazioko zubiarekin bat eginda, urteko data kritikoenean, Zarauzko irteeran emaitza moderatua izan zen, eta, autobideko irteerako biribilgunean, berriz, onargarria. Gune horiek eta egun zehatz horiek kenduta, gainontzeko emaitza guztiak onak izan dira.

“Txostenean ondorioztatzen den moduan, Zarauzko bizilagunek eta bisitariek arnasten duten airearen kalitatea ona da eta aztertutako parametroen mailak erakundeen gidalerroek gomendatzen dituzten mailen barruan daude. Dena den, egoera hobetzeko, bereziki trafikoa murriztu eta arintzeko neurriak hartzea gomendatzen da. Dudarik gabe, trafikoa Zarauzko erdigunetik ateratzea saihesbidearen bitartez lagungarria izango da, trafikoa gutxitzea ezinbestekoa izango da, bai atmosferaren kalitatearentzat, baita zarata murrizteko ere”, azaldu du Vazquezek.