Zarauzko Bi Harri Txapelketa jokatuko dute igandean

Mikel Eizagirre 2022ko uzt. 19a, 10:35

Uztailaren 24an Aritzbatalde pilotalekuan izango da saioa, Zarautz Kirol Elkarteko Herri Kirolak sailak antolatuta, 18:00etatik aurrera. Aurten ere emakume zein gizonezkoak arituko dira bertan, eta lehenengo aldiz, gizon adina emakume ariko dira. Ainitze Zumeta, Lierni Osa, Xabat Olaizola, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a eta Mikel Lopetegi Urra zarauztarrek parte hartuko dute.

Emakumezkoen kasuan, bigarren edizioa izango da aurtengoa. Gainera, iaz Zarautzen jokatutakoa izan zen emakumeek harri baldarrekin inoiz jokatutako lehen txapelketa. Gizonezkoen kasuan, berriz, seigarren edizioa: "Txapelketa hau harrijasotze egutegian bere lekua egiten ari denaren seinale", azaldu du kirol elkarteak.

Azken urteetan emakumezkoen harrijasotzeak izandako goraldiaren ostean, gora egin du emakume partaideen kopuruak aurten: 6 izango dira txapelketan lehiatuko diren neskak, mutilak adina. Harrijasotzaileok Jai Txiki (63 kg) eta Mollarri (51 kg) harriak erabili beharko dituzte. Zazpi minutuko tanda bakar batean ahalik eta jasoaldi gehien eman beharko dituzte, harriak txandakatuta. Gizonezkoetan, aldiz, partaideek 7 minutuko tanda bat egin beharko dute Jai Txiki (117 kg) eta Mollarri (119 kg) harriak tartekatuz.

Baldintzak

Harrijasotzaileek eta bere laguntzaileek eskuak garbitu beharko dituzte txanda bakoitzaren aurretik. Jai Txiki eta Mollarri harriak txandakatuz jaso beharko dituzte 7 minutuko tandan. Harri batekin kale egin ezkero, ezingo da beste harrira pasa altxaldia asmatu arte, eta harrijasotzaile bakoitzak erabakiko du zein harrirekin hasi. Egungo marka onenak Karmele Gisasolak eta Mikel Lopetegik finkatu zituzten 2021ean, 25 eta 31 jasoaldirekin, hurrenez hurren. Txapeldunak igandean marka berria ezarriko balu, 300 euroko saria eramango luke.

Sarrerak

Sarrerak egunean bertan lehiatilan salduko dira, 17:00etatik aurrera. Hamar eurokoa izango da sarreren prezioa. Zarautz Kirol Elkarteko bazkide direnentzat, berriz, bost euro balioko du. 16 urtetik beherako ikusleek doan sartzeko aukera izango dute.