Hilaren 29an helduko da herrira Los 40-ren jaialdia

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uzt. 21a, 16:30
Jaialdiaren arduradunek eta udal ordezkariek gaur aurkeztu dute hitzordua. (Aritz Mutiozabal)

Damaren pareko oholtzan, malekoian eskainiko dute kontzertua hainbat artistak 21:00etatik aurrera, eta aurreko urteetako arrakasta ikusita, aurten ere jendetza inguratzea aurreikusten dute. 

Uztailaren 29an malekoiko Dama pareko eszenatokian izango den Los 40 Summer Festival jaialdia aurkeztu dute gaur goizean jaialdiaren arduradun Mari Jose Arangurenek eta Xabier Txurruka alkateak. Arangurenek eskerrak eman dizkio udalari jaialdia antolatu ahal izateko urtero eskaintzen dioten (azken bi urteetan ezin izan da antolatu pandemiagatik) konplizitateagatik. Los 40 Espainiako irrati kate ezagunak urtero antolatu ohi du udan gisa honetako bira, eta aurtengoak ere Zarautzen egingo du geldialdia. 

21:00etan hasita, honako artista hauek oholtza gainean ikusteko aukera izango da: Marc Segui, Abraham Mateo, Lerica, Belen Aguilera, Leo Rizzi, Walls, Depol Polo Nandez eta Noran (Euskal Herriko artista gonbidatua). Gutxi gorabehera 00:30 arte iraungo du emanaldiak, Arangurenek aurreratu zuenez. 

Alkateak gogorarazi du aurreko urteetan "izugarrizko arrakasta" izan duela jaialdiak, eta aurten ere malekoira eta hondartzara jendetza hurbiltzea aurreikusten dutela. Hori horrela, Lurraldebus autobus zerbitzuarekin eta Euskal Trenbide Sarearekin hala adostuta, Zarautzera bertaratzeko tren eta autobus zerbitzuak indartu egingo dituzte egun horretarako, eta bertaratzekotan direnei garraio publikoa erabiltzeko deia egin die Txurrukak.

Ingurumenarekin errespetuz

Arangurenek jakinarazi duenez, "ingurugiroa zaintzearekin kontzientziatuta" daude egitasmoaren antolatzaileak eta, horren harira, erronka moduko bat prestatu dute. Los 40ren logoa izango duten edukiontzi hori handi batzuk ipiniko dituzte malekoian, eta jendeari plastikozko hondakinak horietara botatzeko deia luzatu diete. Bira guztiko jaialdietan jarriko dituzte edukiontzi horiek, eta kontzertuaren ondoren, pisatu egingo dute bildutako zabor kopurua. Gista horretan, jakingo dute zein den gehien birziklatu duen herria. 

Alkateak ere azpimarra egin du hondakinen gaian: "Ekitaldiaren barruan kanpaina bat martxan badago ere, egokiena da hondartza garbi mantentzea eta ekartzen dugun guztia erretiratzea, behintzat, malekoira".