Datorren astean hasiko da Zaporraren oroimenezko 56. esku pilotako txapelketa

Onintza Lete Arrieta 2022ko uzt. 27a, 10:52
2019ko txapelketako finaleko une bat.

Datorren asteartean, abuztuak 2, jokatuko dute aurreneko norgehiagoka Frontoi Txikin. 2019an egin zuten txapelketa azkenekoz, eta orduko txapeldunak –Eskudero eta Urruzola– lehiatuko dira Etxezarreta-Taberna bikoaren kontra. Abuztuaren 11n izango da finala.

COVID-19ak sortutako izurriagatik azken bi urteetan ez da jokatu Zaporraren oroimenezko esku pilota txapelketa, eta aurten gogoz antolatu du 56. urtea duen lehiaketa Zarautz Kirol Elkarteko Pilota Sailak.

Partida guztiak 18:30ean hasiko dira Frontoi Txikin, eta euria egiten badu, Zinema Frontoian izango dira hitzorduak. Datorren astean hasiko da txapelketa, final laurdenetatik, eta astebete eskasean iritsiko da finala. Abuztuaren 2tik 11ra jokatuko dute, izan ere, Zaporraren oroimenezkoa. 

Txapelketako aurreneko partidan ariko dira 2019ko irabazleak, Eskudero eta Urruzola, Etxezarreta eta Tabernaren kontra. Jardunaldi guztietan bina partida izango dira.

Juan Miguel Zubiri Pilota Saileko arduradunak azpimarratu du txapelketan pilotari gazteak nahiz zaildutakoak eta txapeldunak ariko direla: "Azken txapelketako irabazleez gain, Eneko Maiz ere apuntatu da; esku pilotan eta trinketean Frantziko txapelduna izan da azken urtean. Pilotari gazteei ere egin diegu tokia, eta hor ariko dira Ugarte zarauztarra eta Orbegozo aiarra, esaterako".

Hauek dira hitzorduak:

  • Abuztuak 2, asteartea. Final laurdenak: Eskudero-Urruzola vs. Etxezarreta-Taberna eta Maiz M.-Etxeberria vs. Chiapuso-Aranburu

  • Abuztuak 4, osteguna. Final laurdenak: Orbegozo-Jon Urbieta vs. Ugarte-Letona eta Etxaniz-Balerdi vs. Lizaso-Gurutzealde

  • Abuztuak 9, asteartea. Finalaurrekoak

  • Abuztuak 11, osteguna. Finala