Euskararen alde, biziberrituta

Amaia Urbieta Arruti 2022ko uzt. 28a, 08:40
Euskaraz Bizi egunaren antolakuntzan murgilduta dabiltza Uxoa Olaskoaga eta Eider Gurrutxaga. (Amaia Urbieta Arruti)

Hauspoa eman diote hainbat zarautarrek EHEri, eta euskararen aldeko jaia antolatzen eta edukiz betetzen ari da talde eragile indartsu bat buru-belarri.

Jarduna eten beharrean izan zen Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz taldea orain bi urte. Pandemiak beste erremediorik laga ez bazien ere, errelebo faltagatik ezin izango zuketen Euskaraz Bizi eguna antolatu 2020ko irailean. "Hainbat bidetatik jakinarazi genuen jendea falta zela eta indar berria behar genuela, eta momentu hartan ez zegoen halakorik", azaldu du EHEn aspalditik dabilen Uxoa Olaskoagak. Hori horrela, urte hartan iraileko herri bazkaria bertan behera geratu zen eta EHEren jarduna ere bai.


Aurten, gaiaren inguruko kezka sumatu du Olaskoagak inguruan. "Herri bazkaritik harago, toki ezberdinetatik entzun dut jendea esaten Euskal Herrian Euskarazek ezin duela desagertu, eta euskararen inguruko kezkak eta diskutsoak present egon behar dutela Zarautzen. Baina, horrez gain, jendea etorri zaigu espreski Euskaraz Bizi eguneko herri bazkaria antolatzeko eskatzera, beraiek laguntzeko prest zeudela eta". Hala, ahoz ahoko harremanei tiraka, egun handia antolatzeko talde indartsu bat eratu da. "Eta emozionatu egin gara", gaineratu du Olaskoagak.


Ohikotik harago

Zarauztar askoren egutegietan gorriz markatuta egon ohi den Euskaraz Bizi eguna ospatuko da aurten, beraz, eta aire berriaz eta giharraz baliatuta, egun osoko egitaraua antolatzea da talde eragilearen asmoa. Oraindik hari mutur solte batzuk geratzen dira egitaraua ixteko, baina Olaskoaga eta Eider Gurrutxaga antolatzaileek baieztatu dute eguneko hitzordu nagusiak izan ohi diren lasterketa eta herri bazkaria egingo dituztela, irailaren 3an.


Antolakuntzarako talde indartsua osatzeaz gain, herriko hainbat kultur talde prest agertu dira beren borondatez egun horretan herriko kaleak girotzeko. Hala, goizean zehar malekoiko hainbat gune alaitzen ibiliko dira Montetxio abesbatza, Arrai Zopa edota Arranoko gitarra taldea, besteak beste.


Egitarau osoaren berri aurrerago emango badute ere, ekintza eta ekitaldi guztiak euskara hutsean eta euskararentzat izango dira. Dagoeneko aurreikusten dituzte herritar boluntarioek egin beharko dituzten lantxo batzuk, eta horietarako deialdia aurrerago zabalduko badute ere, aurreratu dute herri bazkarian self service  modua erabiliko dutela azken herri bazkarian egin bezala. "Aurrekoan oso ondo atera zen, eta zerbitzariak aurrezteko eta ideologia aldetik ondo dagoela uste dugu, bakoitzak bere lantxoak egin ditzala dena ondo atera dadin", azaldu du Olaskoagak.


Kezka berak batuta


Taldean aurten sartu denetariko bat da Eider Gurrutxaga, eta beraien artean "euskararen inguruko kezka eta ekiteko indarra" sumatzen ditu. "Egun horrekin jarraitu behar dugu, eta horren bidez, euskararen inguruko kezka eta diskurtsoa plazaratu". Beste hainbaten antzera, modu informalean egin zuen bat EHErekin Gurrutxagak. Beharrezkotzat du zarauztarrak euskararen gaian eragingo duen taldearen jarduna. «Gutako batzuk euskaraz bizi gara %100ean Zarautzen, eta zaindu nahi ditugu euskaraz bizi ahal izateko ditugun gune horiek. Gainera, ez baditugu berriak sortzen atzeraka egiteko arrisku handia dago, are gehiago garaiotan, jasotzen dugun turismo masaren aurrean", azaldu du Gurrutxagak.


Taldeko kide gehienen bizipenek bat egiten dute zentzu horretan, eta elkarrekin antolatuta, "herriari zerbait eskaintzea" dute helburu.


Adin askotako jendea elkartu da Euskaraz Bizi eguna antolatzeko, eta hori "esanguratsua" dela uste du Olaskoagak. Herri bazkarian bertan ere adin oso ezberdinetako jendea bildu ohi da urtero, eta hori "aberasgarria" dela uste dute biek, euskaraz bizi nahi duten herritarren aniztasuna adierazten baitu.


Denek bat egiten dute EHEren orain arteko jardunarekin, eta egoera berri honek izugarri pozten du Olaskoaga. Oroitzen du duela bi urte "oso nekatuta" zeudela bai bera, bai taldeko gainontzeko kideak, baina aurtengo bultzadak sortutako "arnasak, ilusioak eta indarrak" aurrera jarraitzeko gogoa piztu dio. "Denon artean egin dezakegu", dio pozarren.

Erabileran arreta

Zarautzen euskararen erabileraren egoera nola ikusten duten galdetuta, zalantzati agertu dira biak. Olaskoagak balioa eman die kale neurketei, norberak izan dezakeen pertzepziotik irakurketa egitea oso zaila baita. Dena den, argi dauka garai bateko usteak gezurtatuta geratu direla azken urteetako bilakaerari erreparatuta. "Uste zen euskararen ezagutzarekin batera erabilerak gora egingo zuela. Ezagutzak ia gaina jo du, baina erabilerak ez du maila berean egiten gora. Horrek adierazten du beste arrazoi batzuk daudela horren atzean".


Zentzu horretan, Euskaraldiak zeresana baduela uste du Olaskoagak, herritarrak aktibatzea eta haien "konpromisoa" bilatzen baititu. "Denok esango bagenu euskararen alde gaudela, bada, oso ondo, baina zer egingo dugu euskarak aurrera egin dezan?", bota du airera.


Gurrutxagak uste du herritarrek badutela ardura egoeraren aurrean. "Askotan esaten dugu Zarautz herri euskalduna dela. Ni euskaraz bizi naitekeenez %100ean, listo. Gauzak ez dira horrela. Gure bizilagun asko eta asko ez dira euskaraz bizi, eta horiei ere euskaraz bizitzeko guneak eskaini behar dizkiegu. Aldi berean, euskal hiztunon komunitateak ere indartzen jarraitu behar du, eta hori da bilatzen duguna Euskaraz Bizi egunean".