Iritzia: Kontzertua

Andoni EgaƱa/Berria 2022ko uzt. 31a, 16:00

Los 40 irrati kateak antolatutako jaialdia izan zuen hizpide Andoni Egañak Berria egunkarian, atzoko Hitz Etzanak atalean.

Duela hiru-lau urte gertatu zitzaidan. Urte sasoi hau zen. Banentorren gauerdia pasatuta etxera bueltan. Trafikoa ez zen egun hartan ikaragarria. Baina Zarautza iristen ari nintzela jabetu nintzen zerbait gertatzen zela. Auto asko Donostia aldera hasieran. Peajean, sekulako txanda herritik irten nahi zuten autoek sortua. Herri sarrerako biribilguneak lepo, noiz-nork auto-muturra sartuko. «Badoan herri bat» zen gurea. Ia hauteskunde kanpainetako leloa zirudien. Ikaratzera heldu gabe, kezkatu egin nintzen. Banekien meteorito bat ez zela erori, baina...

Gerora jakin nuen hondartzako malekoian Los 40 principales-ek antolaturiko kontzertu bat izan zela, milaka lagun bildu zituena. Eta jabetu nintzen auto haiek nerabeen bila joandako gurasoenak zirela, etxera bueltan. Oro zitzaidan arrotz. Kontzertua, antolatzaileak, artista parte hartzaileak, nerabe eta gaztetxoak, gurasoen zaintza modua... Baina Euskal Herri hori ere badela ikasi nuen.

Gaur da —zuentzat bart— aurtengo kontzertua, betiko lekuan. Abraham Mateo, Walls, Belén Aguilera, Depol... Deus esaten ez didaten izenak. Ez naiz malekoira joango. Joango naiz, gauerdia pasatuta, herriko irteera gunera. Bestelako Euskal Herri hori nola joaten den ikustea espektakulu zirraragarria da.