Zarauzko Udalak bere gain hartuko du garraio publikorako adostu den deskontuen gastuaren %10

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 7a, 08:30
Hiribusa Zarauzko erdigunean.

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak aho batez onartu du Espainiako Gobernuak garraio publikoko deskontuen inguruan planteatutako proposamena, eta Zarauzko Udalak gaur jakinarazi bat egingo duela hitzarmen horrekin.

Atzo, osteguna, hartu zuen erabakia GGLA Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, eta hala, Mugi txartela erabiltzen dutenek irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean %50eko deskontu gehigarria izango dute. "Zarauztarrek eta bisitariek deskontu horretaz gozatzeko aukera ere izango dute, Zarauzko Hiribusa edo trena hartzen dutenean", jakinarazi du Zarauzko Udalak.

Irailetik aurrera, beraz, Mugiko ohiko deskontu politikari gehituko zaio %50eko deskontu gehigarria. Ondorioz, lehen bidaia-tartean (hileko 1-20 bidaia tartean), % 48ko deskontu orokorra % 74ra arte zabalduko da. Bigarren bidaia-tartean (21etik 50erakoan), deskontua % 58tik % 79ra pasatuko da. Azken tarteari dagokionez (51 bidaia edo gehiago egitean), beherapenaren ehunekoa % 90etik % 95era igoko da.

Zarauzko Udala atxikitu egin da hitzarmen horretara eta, ondorioz, behin-behineko deskontu horren kostuaren %10 hartuko du bere gain. Iker Basurko da Zarauzko Udaleko ordezkaria GGLAn, eta hark prentsa oharrean zera adierazi du: "Gure herritarrei zuzendutako edozein deskontu interesgarria da garai hauetan eta, Zarauzko Udalean prest gaude honek eskatzen duen esfortzu ekonomikoa egiteko eta neurri hau aplikatzeko. Hala ere, denbora gehiago izan bagenu, proposamen landuago bat aztertzeko aukera izango genuke, guztion artean".

Basurkok herrian egiten ari diren lanketarekin lotu du gaia: "Zarauzko Udala Herri Mugikortasun Plan Jasangarria eta Zarautz 2030 Plan Estrategikoa lantzen ari da, eta hitzarmen hau aukera paregabea da gaur egun garraio publikoa erabiltzen ez dutenak pausoa ematera bultzatzeko. Izan ere, guztiok irabazten dugu ibilgailu pribatuen isurketa kutsakorrak murriztuz”.