CrossFit Zarautz, munduko 30 talde onenen artean

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 8a, 16:03
CrossFit Zarautz taldea, CrossFit Games 2022rako txartela eskuratu zuenean. (@trustmymood)

Punta-puntako kirolariekin batera izan da lehian CrossFit Zarautz taldea, eta 27. postuan geratu da azkenean, AEBetako Madison hirian jokatu den txapelketan. 

Maiatzean eskuratu zuen CrossFit Games 2022 txapelketarako txartela Zarauzko taldeak, eta abuztuaren 3an hasi eta atzo amaitu zen lehia, Amerikako Estatu Batuetako Madison hirian. 

Alex Anasagastik, Pablo Cazalisek, Ione Taintak eta Nienke Van Overveld holandarrak osatu dute lehiaketarako taldea, eta 27. postua eskuratu dute taldekako sailkapenean. 341 puntu eskuratu dituzte Zarauzko ordezkariek  mundu mailako txapelketan, eta 1052 punturekin, AEBetako CrossFit Mayhem Freedom taldea izan da txapeldun. 

Zaragozan ere emaitza bikainak

Mundu mailako txapelketarik ez, baina Cierzo Fitness Challenge proban lehiatzen izan dira bi zarauztar asteburuan, Zaragozan (Espainia). Erdi mailako (Intermedio izenekoa) txapelketan lehen postuan sailkatu zen Ander Pablos eta Ander Matas azkoitiarrek, Nestor Hernandez tolosarrak eta Lierni Osa zarauztarrak osatutako taldea.

RX mailan, erdi maila baino bat goragokoan, ere izan zen Zarauzko ordezkaritza, eta lan ezin hobea egin zuten horiek ere; izan ere, Joanes Otamendi, Aitzol Galarraga eta Ander Arteaga azpeitiarrek zein Erika Sanchez zarauztarrak bigarren postua eskuratu zuten.