Herriko zenbait eraikinetako argiak gauero itzaltzea proposatu du Ingurumen departamentuak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 11a, 18:00

Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak proposatu du gauero 22:00etatik aurrera itzaltzea Portuetxeko, Andra Mari Zeruratzea parrokiko, San Frantzisko elizako, Torre Luzeako eta Sanz Eneako argiak. 

Herriko zenbait eraikinetako argiak gauero 22:00etan itzaltzea proposatu du Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezek. Zehazki, honako eraikin hauek itzaltzea jarri du mahai gainean: Portuetxe (udaletxe zaharra), Andra Mari Zeruratzea parrokia, San Frantzisko eliza, Torre Luzea eta Sanz Enea. 

Indarrean sartu berri den energia aurrezpenari lotutako errege dekretuaren harira egin du proposamena Vazquezek. Gaineratu du "berehala hartu beharreko lehen neurria" litzatekeela eraikinetako argiak itzaltzearena. "Ingurumenaren alorretik ulertzen dugu errege dekretu horretan proposatutako neurriak behar-beharrezkoak direla kima aldaketari eta energia krisiari aurre egiteko". Erakundeek "eredu" izan behar dutela uste du zinegotziak eta, horregatik, aurrea hartu eta "energia kontsumoa murrizteko beharrezkoak diren neurri guztiak aplikatu" behar dituztela uste du. Gaineratu du udalak bere "klimatizazio elementuen tenperatura dekretuak agintzen duen balioetara egokitu behar" duela, "gradu bakoitzak energia aurrezpen garrantzitsua suposatzen duelako". 

Gogorarazi du Planetaren Ordua egitasmoan parte hartzen duela Zarauzko Udalak 2007tik, energiaren kontsumoa murriztearen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzeko. Udalak "asmo handiko energia plan bat" onartu berri duela ere azaldu du Ingurumen zinegotziak, baina ez du plan horri buruzko xehetasun gehiagorik eman.