Bost harri-jasotzaile zarauztarrek Igeldoko eta Uliako harriak altxatuko dituzte bihar

Amaia Urbieta Arruti 2022ko abu. 12a, 10:00
Zazpigarren aldiz irabazi zuen iaz Eizmendik. (Ibon Errazu)

Iaz aurreratu zuten moduan, emakumezkoen txapelketa ere izango da aurten. 70 kilo inguruko Uliako harria altxatu beharko dute hamar harri-jasotzailek. 

Donostiako Aste Nagusiaren barruan, herri kirol munduko hitzordu garrantzitsuak jokatuko dira bihar: Igeldoko eta Uliako harrien txapelketak. Bertan parte hartuko dute Jokin Eizmendi, Mikel Lopetegi Urra, Xabat Olaizola, Lierni Osa eta Ainitze Zumeta zarauztarrek. 

Harri baldarren artean sona handiena duena da Igeldoko harria, eta entzutetsua da urteroko Trinitate plazako hitzordua. Aurten ere 135 kilo inguruko harri baldarra altxatu beharko dute parte hartzaileek. Joseba Ostolazaren harri eskolako Jokin Eizmendi harri-jasotzailea izan da gaur arte jaun eta jabe proba honetan. Iaz ere berak irabazi zuen, zazpigarren aldiz.

Aurtengo berrikuntza nagusia, zalantzarik gabe, Uliako harriarena izango da. Igeldoko harria txapelketan gizonezko harri-jasotzaileek soilik hartu izan dute parte orain arte baina, aurtengoan, emakumezkoen txapelketa ere izango da. 70 kilo inguruko harri baldarra da Uliako harria, eta hamar harri-jasotzaile ariko dira hura altxatzen. Tartean izango dira Lierni Osa eta Ainitze Zumeta zarauztarrak. 

Txapelketa ikustera joan nahi dutenek sarean erosi ditzakete dagoeneko. Probaren egunean bertan sarrerarik geratuko balitz, Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan eta Trinitate plazan bertan jarriko dituzte salgai.