Geroa, gizonik eta emakumerik gabe

Berria 2022ko abu. 19a, 10:30
Miren Aranguren. (Berria)

Gatazkarik gabeko paradisurik ez, baina bortxa gutxiagoko mundu hobe bat irudikatu dute Jule Goikoetxeak eta Miren Arangurenek, feminismoa tresna gisa hartuta. Harreman afektiboak, antolaketa ekonomikoa, zaintzeko moduak aldatuko lituzke gizon eta emakume kategoriak desagertzeak.

Holobionteez hitz egiten hasi dira, kafeak eta infusioak prestatu bitartean; hala deitzen diete zientzialariek hainbat espeziez osatutako izaki bizidunei. Nahiko kontzeptu berria da, multiespeziearen ideiarekin lotua, eta, zientzia fikziozkoa dirudien arren, beste errealitate batzuk irudikatzen laguntzen dio Jule Goikoetxeari, eta utopia feminista definitzen: «Gizonen eta emakumeen desagerpena hain da iraultzailea, ezen zaila baita ulertzea bera; agian mendeak beharko ditugu. Baina ezin badugu pentsatu zerbait diferentea, ezingo dugu sortu. Beraz, gizonik eta emakumerik gabeko gizarte batean, zer egongo da? Bada, holobionteak, adibidez». Miren Arangurenek barrez jaso du proposamena, baina ados agertu da muinarekin: «Gizonen eta emakumeen desagerpena luzerako doa, baina dagoeneko hasi gara».

Utopia feministaz eta utopia feminismotik hausnartzen jarri ditu BERRIAk Jule Goikoetxea filosofo eta EHUko irakaslea (Donostia, 1981) eta Miren Aranguren Bilgune Feministako eta Emagineko kidea (Iruñea, 1981). Prozesu gisa ulertu dute biek, ez amaierako helburu gisa, eta errealitatera lotua. «Ezin dugu pentsatu egun batean mundu guztia ona izango dela, edo ez denik egongo supremazismorik, adibidez, animaliekin edo beste gizaki batzuekin. Beti egongo dira gatazkak eta botere harremanak, eta hori da zailtasun nagusia: gatazkak ere izango dituen utopian pentsatzea», azaldu du Goikoetxeak. Arangurenek ere aldarrikatu du mundu hobeago bat irudikatzeko ariketa: «Zapalkuntza sistema batzuk gainditzeko prozesua litzateke utopia. Eta hor, nik bai imajinatzen dut indarkeria gutxiagoko espazio bat, baina ez gatazkarik gabekoa; gatazka egongo da, noski, baina bortizkeria gutxiagorekin eta elkarbizitzarako beste mekanismo batzuekin kudeatuta».

Mundu hobe hori marrazteko tresna indartsua da feminismoa haientzat. Goikoetxea: «Diagnostiko konplexuagoa du, aberasgarriagoa eta interesgarriagoa». Aranguren: «Interpelazio asko izan ditugulako, eta absentzien inguruko kontzientzia badugulako. Zerbait horizontala egin nahi badugu, herritarra, feminismoak gaitasun handia ematen digu identifikatzeko zein falta diren eta nola eraiki sareak». Eta beste zerbait horren abiapuntuan bat etorri dira biak: utopia feministan ez dago gizonik eta emakumerik. «Edo sexuak ez du inolako garrantzirik», zehaztu du Arangurenek: «Orain harreman guztietarako behar baitugu: gizon eta emakume izateari atxiki dizkiogu esanahiak, funtzioak eta eskubideak».

Erreportajea osorik irakur daiteke Berria.eus atarian.