"Urte hauetan guztietan egindako lana, ordea, ez da ezerezean geratuko"

Aritz Mutiozabal 2022ko abu. 19a, 09:30

Putzuzulo gaztetxea eraisten ari dira egunotan, eta ia-ia eraikinaren hezurdura baino ez da geratzen. Aurki birrinduko dute guztiz. Horren aurrean, gaztetxeko kideek ondorengo oharra zabaldu dute twitter bidez. Era berean, Odol Beltza erabiltzaileak ondorengo bideoa egin du.

"Heldu da. Urte luzez izan dugu gainean Putzuzuloren eraisketaren mehatxua, eta geure egin dugun etxe barruraino sartu dituzte jada makinak, pixkanaka-pixkanaka, guztia botatzeko. Hamaika proiektu, eragile eta pertsona elkartzeko aterpe izan dena eraisten ari dira jada.

Urte hauetan guztietan egindako lana, ordea, ez da ezerezean geratuko. Hamasei urtez hamaika lagunen lanak mantendu du zutik Putzuzulo, eta horrek ahalbidetu du, Putzuzulo eraitsi arren, jardun kultural eta politikorako beste espazio bat lortzea Zarautzen.

Aurrerantzean ere gogor egingo dugu lan. Izan dadila Gaztetxe berria orain arte egindako lan horren guztiaren isla eta lekuko, eta ate eta borroka berriak irekitzeko abiapuntu. Eskerrik asko denbora honetan guztian Putzuzulon zuen hondar aletxoa jarri duzuen guztiei!"