Erlojupeko lanarekin amaitu dute Zarauzko Banderako Eusko Label ligako lehenengo jardunaldia

Onintza Lete Arrieta 2022ko abu. 20a, 21:00
Bermeo-Urdaibaiko trainera. Irudia: EITB Media

Ohorezko txandako traineruek jokatu dute erlojuaren aurka, bigarren txandan baliza bat itsasoak irentsi ondoren. Oriok esku-eskura izan du garaipena, baina azkenean Urdaibai gailendu da. Emakumezkoetan, Orio Orialkik nagusitasunez lortu du garaipena, eta bideratuta utzi du Zarauzko Bandera.

Arazo teknikoak izan dira protagonista gaur arratsaldean Zarautzen Eusko Label ligako jardunaldian. Estropada normal hasi da, baina bigarren txandan lehenengo kaleko baliza irentsi du itsasoak traineru batek jo ondoren, eta saiatu diren arren baliza berria jartzen, azkenean, eta tirabira dezenteren ondoren, erlojuaren kontrakoa jokatu dute ohorezko txandako lau traineruek.

Orio izan da irteten aurrena, eta baita azkarrena ere ia estropada osoan zehar. Lan bikaina egin dute Jon Salsamendiren mutilek, eta Hondarribia eta Urdaibai baino denbora hobeak egiten aritu da. 20:43 denborarekin helmugaratu dira oriotarrak, baina azken luzean, ordea, Urdaibaik Oriori hiru segundo kentzea lortu du, eta Hondarribiak ere aurrea hartu dio ehuneneko batzuengatik.

Garaipena eskura izan dute OAEko mutilek, baina azkenean, ezin izan dute ligako bigarren garaipena lortu. Dena den, bihar erabakiko da Zarauzko Banderako irabazlea, eta denborak ikusita, traineru batek baino gehiagok du hori etxeratzeko aukera.

Getariak bigarren txandan egin du arraun, Zierbena, Kaiku eta Caborekin batera. Bigarren luzean aurretik joan dira getariarrak tarte batean, baina gero Zierbenarekin ibili da lehian. Azken luzean, ordea, Zierbena izan da nagusi, eta 14 segundoko aldea atera die getariarrei. Seigarren amaitu dute estropada getariarrek.

Orio Orialki nagusi Euskotren ligako jardunaldian

Emakumezkoei dagokienez, Orio Orialkik irabazi du Euskotren ligako azkenaurreko norgehiagoka –ligako 11. garaipena–, eta biharko jardunaldian bandera eskuratzeko pauso garrantzitsua eman du.

Nadeth Agirrek patroi onenaren elastikoa ere jantzi du, eta matematikoki, bera da aurtengo garailea. ETB1 kateari egindako adierazpenetan azaldu du arraunkera hartzea “kosta” egin zaiela, baina gero kanporaka ondo joan direla. “Bueltakoan ere aurrena ondo ibili gara, baina gero lanak izan ditugu, zulo handiak zeuden eta arrauna libratzen ere zailtasunak batzuetan”, azaldu du.

Liga poltsikoratuta eduki arren, Zarauzko Bandera ere nahi dute oriotarrek: “Banderarekin amaitu nahi dugu liga; gaur aurreneko pausoa eman dugu, eta bihar berriz hutsetik hasiko gara eta ea bandera etxeratzen dugun”, esan du Agirrek.

Liga erabakita bai, baina azken bi postuetan dago lehia orain. Bihar, azken estropadan, jakingo da Tolosaldea ala Donostiarra, nor gelditzen den Euskotren ligan; izan ere, puntu bakarreko aldearekin daude.

Gaurko sailkapena:

1.-Orio 11:21.62

2.-Arraun Lagunak 11:32.58 (+10.96)

3.-Tolosaldea 11:37.82 (+16.20)

4.-Donostiarra 11:41.76 (+20.14)