Egokituta dator surf txapelketa

Aritz Mutiozabal 2022ko abu. 30a, 18:00

Pro Zarautz Open + Adaptative txapelketaren aurkezpen ekitaldia. (Aritz Mutiozabal)

Pro Zarautz Open + Adaptative surf txapelketa egingo dute urriaren 19tik 23ra. Formatu inklusiboa eta parekidea antolatu dute, WSL zirkuitutik kanpo.

Pro Zarautz surf txapelketa bueltan da bi urteko etenaren ondoren. Urriaren 19tik 23ra jokatuko da, eta hainbat berritasun izango dituela jakinarazi dute antolatzaileek gaur eguerdian, Karlos Argiñano jatetxearen terrazan eginiko aurkezpen ekitaldian. Alde batetik, emakumezkoei zein gizonezkoei zuzendutako Open txapelketa irekia jokatu dute, WSL World Surf League zirkuitutik kanpo, eta, bestetik, estreinakoz, Adaptative surf egokituko txapelketari bide ematea erabaki dute.

WSL zirkuituan egotea ohore bat dela nabarmendu du Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakari Maialen Saezek, baina, zentzu horretan, proba bertan mantentzea asko garestitu zela. «Zarauzkoa oinarri sendoak dituen txapelketa historikoa da, eta azken lau urteak Gipuzkoako Surf Federaziotik antolatu dugu, erakunde publikoen babesarekin. Guztiok elkatu ginen, eta Pro Zarautz txapelketa independente baten proiektua aurkeztu zen», azaldu du Saezek.

Formatu inklusiboago eta parekideago baten aldeko apustua egin dela esan du Leire Arana Kirol zinegotziak: «Ideia horrek bat egiten du txapelketari norabide aldaketa emateko erabakiarekin. Bi urte hauetan guztiok norabide berean egin dugu arraun, eta helburu garbi batekin: Open zein Adaptative probetan sari parekideak izango ditu, eta baldintza eta ikusgarritasun berak emango zaizkie kirolari guztiei». Hain justu ere, 4.000 eurona bideratuko dira Open eta Adaptative kategorietara.

Txapelketa irekiak eta txapelketa egokituak nazioarteko izaera izango dute, baina egungo formatuari esker, «Euskal Herriko surf harrobiak» aukera gehiago izango duela azpimarratu du Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakariak. Izan ere, lehen WSL zirkuituko sailkapenaren arabera izaten zen parte hartzea.

Txapelketa egokitua ISA International Surfing Association zirkuitutik kanpo egongo da. Modu independentean beste zirkuitu bat osatu dute, eta beste zenbait proba jokatuko dituzte Espainian, Erresuma Batuan eta AEBetan.


Hiru modalitate izango dira guztira surf txapelketan –open neskak, open mutilak eta egokituak–, eta kategoria bakoitzean 35 kirolariren parte hartzea espero dute. Gainera, surf egokituaren barruan bederatzi azpikategoria egongo dira. Aurten, hamar wildcard gonbidapen banatu dituzte, eta, besteak beste, Ethan Egiguren, Janire Gonzalez Txabarri eta Bitor Garitaonandia ariko dira lehian; azken hori aurkezpenean izan zen.


Surf kulturarekin bat

FederArte egitasmoaren barruan, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte surf txapelketako egunetan: hitzaldiak, parriladak, skate  eta  bodyboard erakustaldiak eta abar. Zuzeneko musika ere ez da faltako Swell+Sound izeneko jaialdiarekin.  Hamabi herrialdetako 40 artista ariko dira. Guillermo Lam jaialdiaren zuzendariaren esanetan, eskaintza alternatiboa ekarriko dute herrira, surf kulturarekin bat egiten duena.

Zarauzko proba eredu bat dela zehaztu du  Gipuzkoako Turismo zuzendari nagusi Iker Goiriak: «Inportantea da ekimen hori edukitzea eta surf zirkuitu bat egitea, berriz ere erreferentea izan dadin». Turismo jasangarriaz gain, turismo egokitua oso estrategikoa dela nabarmendu zuen Goiriak.  

Era berean, bat egin du Leire Aranarekin; izan ere,  «turismoa desestazionalizatzeko»  filosofiaren barruan, Zarauzko surf txapelketak eginiko data aldaketarekin. Izan ere, urriaren hirugarren astean jokatuko da; azken aldietan, ostera, udaberrian egin zuten.