Izeta VI.a V. Euskal Pentatloi Sariko bigarren kanporaketan ariko da larunbatean

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2022ko abu. 31a, 15:16
Atzo Katxiña upategian aurkeztu zuten Gizonezkoen V. Euskal Pentatloi Sariko II. Kanporaketa.

Hamabi kirolarik parte hartuko dute larunbatean, Azpeitiko Zezen Plazan, jokatuko den kanporaketan. Atzo aurkeztu zuten kirol proba Orioko Katxiña upategian, eta asteburuko norgehiagokan parte hartuko duten kirolariak izan ziren bertan.

Irailaren 3an, datorren larunbatean, Azpeitiko Zezen Plazan jokatuko da Gizonezkoen V. Euskal Pentatloi Sariko 2. kanporaketa, 18:00etan hasita. Atzo aurkeztu zuten kirol proba Orioko Katxiña upategian, eta asteburuko norgehiagokan parte hartuko duten kirolariak izan ziren bertan.

Oraingo kanporaketa honetan hamabi kirolari arituko dira lehian. Horietatik lauk maiatzaren 28an jokatu zen lehen kanporaketa gaindituta lortu dute bigarrenerako txartela. Beste zortzi, berriz, pasa den urteko pentatloiko emaitzekin zuzenean sailkatu dira bigarren kanporaketara, tartean Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a zarauztarra. Hala, Izetakoak aurkari izango ditu Aitzol Atutxa Atutxa II.a, Jokin Urretabizkaria Basozabal, Ioritz Gisasola Zelai IV.a, Xabier Zaldua, Benat Amade, Jon Gisasola Zelai V.a, Julen Kañamares, Aritz Irazabal, Iñaki Errazkin, Julen Gabirondo eta Joseba Otaegi.

Egin beharreko lana

Larunbateko kanporaketako parte-hartzaileek 100 kiloko harriari hamar jasoaldi eman beharko dizkiote; giza proban, 400 kiloko harriarekin plaza bana egin beharko dute; aizkoran, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana ebaki beharko dituzte, eta 50 kiloko txingekin 3 plaza osatu. Horrez gain, kilometroa egin beharko dute korrika.

Lan horiek otsatzeko denbora gutxiena behar duten lehen sei kirolariak sailkatuko dira irailaren 24an, 22:00etatik aurrera, Azpeitiko Zezen Plazan jokatuko den finalera. Egun horretan emakumezkoen eta gizonezkoen finalak izango dira, 22:00etan hasita.

2. kanporaketako sarrerak salgai jarri dituzte Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Tolosako Kantabriko tabernan.

Urtez urte indarra hartuz

Azken urtetan, gorakada nabarmena izan du euskal pentatloiak. Duela bost urte berpiztu zuten proba, 28 urteren ondoren, eta ordutik urtez urte handituz joan da parte-hartzaile kopurua. 2018an, esaterako, sei kirolarik eman zuten izena, eta aurtengo txapelketan, berriz, guztira 23 gizon arituko dira. Gainera, euskal pentatloiak lortu du kirol jarduera desberdinetako kirolzaleak erakartzea: arraunlariak, pilotariak, mendi lasterkariak eta herri-kiroletan edo crossfitean aritzen diren kirolariak, besteak beste.

Horrez gain, emakumeen txapelketa, binakako gizonezkoen txapelketa, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketak ere jokatu dira, euskal pentatloia Euskal Herriko hainbat txokotara zabalduz. Antolatzaileek azaldu dute euskal pentatloiak baduela "etorkizuna", baina bide horretan babesa ematen dieten laguntzaile, babesle, komunikabide eta ikusleei eskerrak eman dizkiete.