Webgunea eta erakusketa martxan, Plastibistak kanpainaren barruan

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ira. 18a, 11:00

Erabilera bakarreko plastikoen kontsumoa murrizteko helburuarekin, praktika onak dituzten herritarrei aitortza egin nahi diete Ingurumen departamentuak eta Emaus fundazioak, Plastibistak kanpainaren bidez.

Emaus fundazioarekin elkarlanean, Plastibistak kanpaina jarri du abian udaleko Ingurumen Sailak. Plastikoaren erabilerak dakartzan kalteen inguruan kontzientziatzeko kanpaina da sortu dutena eta, bereziki, erabilera bakarreko plastikoen murrizketan nahi du eragin.

Horretarako, ohitura txarrak seinalatu ordez, egunerokoan plastikoaren erabilera murrizteko ahalegina egiten duten herritarrei aitortza egingo die kanpainak. Bi egitasmo nagusi jarri dituzte martxan: erakusketa eta webgunea. Bihartik aurrera izango dira martxan biak.

Erakusketa Merkatu plazako bigarren solairuan dago jarrita, eta bertan, plastikoak eragindako kutsadurari buruzko datu esanguratsuak daude jarrita panel informatibo handietan, modu deigarrian, EHUko Energia Berriztagarrien fakultateko ikerlarien eskutik. Bi astez egongo da bertan erakusketa, astelehenetik igandera 10:00etatik 12:00etara, eta ostegun, ostiral eta larunbatetan baita 17:30etik 19:30era ere.

Webgunea ere bihartik aurrera izango da martxan. Plastibistak.eus atarian, egunerokoan plastikoa murrizteko ahaleginak egiten dituzten herritarren arteko kate bat sortuko da, eta praktika on horiek herritarren artean "kutsatzea" izango du xede.