Irudimena lantzeko lorategia atondu dute Igerain-Gain parkean

Aritz Mutiozabal 2022ko ira. 22a, 16:30
Patxi Elola Lorazaintza zinegotzia, lorategiaren atarian. (Aritz Mutiozabal)

Salbideko Auzo Elkartearen eskaerari erantzunez eta Agenda 2030eko ikasleen proposamena kontuan hartuz sortu du Zarauzko Udalak Bizi lore izeneko lorategia. Material organikoz hornituta dago, eta itxitura batekin mugatuta, txakurrak sar ez daitezen.

Salbide auzoko Igerain-Gain parkean lorategi berezi bat atondu dute, harriz nahiz enborrez hornituta, haurrek eta ez horren haurrek bertan jolas dezaten edo lasai egon daitezen. Espazioa itxitura batekin mugatu dute, txakurrak bertan sartu ez daitezen, eta krisketa bidez funtzionatzen du sarrera-irteeerak. Bizi lore izena jarri diote espazio berriari, eta Zarauzko Udaleko Lorazaintza zinegotzi Patxi Elolak gaur goizean aurkeztu du komunikabideen aurrean

Igerain-Gaineko parke estalia auzotarrek ez ezik, herriko bizilagun askok erabiltzen dute urte osoan, baina naturarekin bat egin eta irudimena lantzeko espaziorik ez zegoenez, Salbideko Auzo Elkarteak eskaera egin ziola udalari kontatu du Elolak. Era berean, herriko ikasleek Agenda 2030en barruan belardien tratamendua landu zuten iazko ikasturtean, eta ikastetxeekin eginiko udalbatzarrean, aurkezturiko eskaeren artean, "txakurrak eta maskotak sartzen ez ziren kakarik gabeko gune bat" eskatu zutela gogora ekarri du zinegotziak.

Bien eskaerak bat egin zutela eta, ideia ona iruditu zitzaiela nabarmendu du: "Ikastetxeetako parkeez aparte, honako hau izango da gune libre bakarra, txakurrak sartuko ez direna". Lorategi honetarako material organikoak erabili dituzte; izan ere, "hau ez da parke bat, lorategi bat baizik".  Enbor mota ezberdina ekarri dituzte, oraindik usaina dutenak, batzuk limoi zantzukoak. Z bat irudikatuz, hainbat harri borobil jarri dituzte; Salberdingo etxebizitzak egiteko lurrak altxa zituztenean agertu ziren harriak dira, garaiko labarretakoak. "Azken finean, Zarauzko ezaugarrietako bat da, garaiko historiaren parte".

Haurrek libreki eta irudimenarekin jokatuz erabiltzen dutela espazio berria azaldu du zinegotziak. Aurrerantzean, beraz, Igerain-Gain parkeak bi alternatiba eskainiko ditu: betiko parke estalia eta Bizi Lore berria. Joan den asteburutik, Salbide auzoko jaietatik erabilgarri dago lorategia, eta zenbait jarduera egin dituzte bertan, besteak beste, toka txapelketa. Momentuz, lorerik ez da ikusten espazioan, baina Elolak argi eta garbi du erantzuna: "Hau berdegune bat da, eta hemen dabiltzan umeak dira loreak".